Ezarri diote errege koroa Charles Philip Arthur George III.ari. Eta erreginarena Camila Rosemary Shand-i, gaur oraindik bere lehen ezkongizonaren abizena daraman Parker Bowles-i. Europako errege familiak fantasia hutsa dira. Zelofanezko paperean inprimatzen eta gordetzen diren bizitzak. Inork ez diete egiten eta desegiten dutenaz kargurik hartzen. Argazkietan dotore ateratzearekin, nahikoa.

Charles-ek eta Camilak ez dakigu zer egin duten errege-erregina izateko. Ez dakigu zer egingo duten ere errege-erregina izanik. Bost axola. Argi utzi digute Bretainia Handiako erret familiaren baitan gertatutako gorabeherak gaurko gizartearen ispilu direla eta Camila ere, deabruaren pare jarrita egotetik, herritarren oniritzia jasotzera heldu dela. Charles bera ere herri xeheari hurbildu zaiola erakutsi digute, hesiaz bestaldean dauden hainbat jarraitzailerengana hurbildu eta bi hitz gurutzatzeagatik.

Eta hau horren lau azaltzen digute komunikabideek. Ipuin klasiko bat balitz bezala. Benetakotasun punturen bat balu lez.

Komunikabideek ez gaituzte hausnarketa egitera gonbidatzen, dagoena bazkatzera baizik. Not My King monarkiaren kontrako taldekideak heretiko gisa aurkeztu zaizkigu, segurtasunerako jarritako 29.000 poliziaren eskuetan zein erraz geldiarazi dituzten erakutsiz. 29.000 polizia behar izan dira, errege-erreginak maite dituzten herritarrak zaintzeko, zer gertatu ere.

Nik ere ez daukat errege-erreginarik. Baina sare-sozialetan ikusi ahal izan dut, Sofia erregina emeritua Donostian izan zela ostiralean, eta nola hurbildu zitzaion jende bat, eskua ematera. Bideoetan ikusi ahal izan dugu, elikagaien bankuan nola osatzen zuen, bere eskuz, otarra bat. Eta galdetzen dut nola lortzen duten komunikazio arduradunek ekimen horri halako indarra ematea. Gutariko edonork egunero egiten duen lanari balioa kentzen dionean.

Komunikatzaileek soldata irabazten dute zelofanezko mundua eraikitzen. Eta guk, ezetz esan arren, mundu hori babesten dugu, beraien ametsak posible egiten laguntzen dugun neurrian. Ikusle formal formalak gara, Jainkoak Erregea zaintzen duen bitartean.