Penaz irakurri dut EHUko Ekonomia graduan, Sarrikoko fakultatean, Gastu Publikoa ikasgaia gaztelaniaz ematen zuen irakasleak klaseak emateari utzi diola eta, ordezkorik ez dagoenez, ikasgai hori euskaraz ematen zuen irakasleari, euskarazko eta gaztelaniazko klaseei batera ematea eskatu zaiola. Esan gabe doa, klaseak gazteleraz izanen direla, zeren eta “errazagoa baita euskarazkoek klaseak gazteleraz jarrai ditzaten, gaztelaniazkoek euskaraz baino”. 

Gertaera honen harira, albistean aipatzen ziren bi kontuk deitu dute nire arreta. Batetik, ikasleek klaseak gazteleraz jaso behar izanagatik protesta egin dutenean, konponbideen artean aipatu dituztela azterketak bi hizkuntzatan egiteko aukera baliatzea, edota materia, azterketa egin beharrean, lan batekin gainditu ahal izatea. Barkatu baina, aipatu arazoaren konponbidea, euskaraz ikasten duten ikasleei gauzak erraztean datza? Ulergarria izan liteke, hein batean, kontzesioren bat egin beharra izatea, baina ikasketen kalitatean eragina izan dezaketen neurri inprobisatuak, beti, euskaraz ikasten duten ikasleen pentzura izan behar dira?

Eta, bestetik, protestaren baitan elkarrizketatutako ikasleetako batek adierazten zuen, aipatutakoen antzeko gertaerak pairatu behar izateaz gain, klaseak euskaraz ematen dituzten irakasle askoren euskara maila kaxkarra dela. Euskarari, beti, bigarren mailako tratamendua ematen zaiola.

Duela 30 urte, izan genituen euskara oso kaxkarra zuten irakasleak. Orduan, alabaina, ikasgai guztiak euskaraz jaso ahal izateko zoria izatearen ordainsaria ordaindu behar genuela ulertu nahi izan genuen, eta baldintza batekin onartu. Euskara hutsean eratuz zihoazen graduetako ikas-materialen eta irakasleen euskara maila hobetuz joango zela. Baina esandakoen arabera, badirudi, 30 urteren buruan oraindik, euskara kaxkarra duten irakasleak ditugula unibertsitatean. Non eta ekonomia sailean. Eta jomugatzat dugun arren lan-mundua euskalduntzea.

Ez al dugu beste 30 urte barru irakurri behar izango lan-munduko erreferenteek euskara kaxkarra dutela?