Medikuaren kontsultatik irten berritan, alabak galdetu dit ea zer bilatzen duen medikuak auskultatzen zaituenean: “Robota ez zarela egiaztatzeko egiten dute?”, galdetu dit. Barre egin dut halako burutazioa entzutean, baina, jarraian, inbidia ikaragarria sentitu dut alabak duen imajinazio gaitasunagatik, nagusiak preso gaituen marko estutik irteteko eta marratik kanpo marrazteko duen ahalmenagatik. Erantzun diot ez dudala inoiz pentsatu, baina agian arrazoia duela, eta hori dela adimen artifizialak sortutako robotak gure artean ez infiltratzea kontrolatzeko modua. Hala, etxerako bidean modu susmagarrian begiratu diegu kaletik gurutzatu zaizkigun guztiei: Gizakia izango da? Robota?

Nire alabaren susmoak gogora ekarri dit lagun baten alabak nola behin abioian bidaiatzeko maletak fakturatzen zeudela galdetu zion ea nola zen posible maletak eta abioia biak aldi berean heltzea helmugara. Izan ere, neskak uste zuen abioia alde batetik zihoala eta bestetik, maletek uhal garraiatzaileetan bidaiatzen zutela. Uhal garraiatzaileen autopistak imajinatzen zituen.

Eta berriz ere, inbidia diot haurtzaroko begirada zabal horri, imajinazioa ez mehartzeko gaitasun horri, aukera guztiak posible direla sinisteko ahalmen horri. Hazten goazen heinean, gero eta gaitasun gutxiago dugu marratik irteteko, beste aukera posible batzuetan sinesteko, beste leku batzuetatik begiratzeko munduari. Eta neure buruari galdetzen diot noiz galtzen dugun gure begirada logiko eta arrazionaletik ihes egiteko gaitasun hori. Izan ere, helduek dugun pentsatzeko modu gero eta murritzagoak asko mugatzen gaitu. Gure bizitzak eta gizarte osoa hobetzeko zerbait pentsatzea zaila da halako pentsamoldearekin. Izan ere, ezinezkoa da mundu berri bat eraikitzea, gaur egungoa baino hobea, ez badugu ahalmenik eraiki nahi dugun mundu berri hori imajinatzeko inolako mugarik gabe eta marratik irten gabe.