Labankadaz hiltzea ez dela “hemengoa” argudiatzea arrazakeriatzat jo du askok, han eta hemengo iritzi zutabeetan. Gustura irakurri ditut zutabeok: batzuk, labanak eramaten dituztenen ustezko jatorriaren eta jokabidearen ingurukoak eta, besteak, labana eramatea kulturala dela esatea gaitzetsi nahian.
Erkorekak aurreko asteko albiste batean emandako datuen arabera, 2022an, Ertzaintzak labanekin zerikusia zuten ia bi gertakizun erregistratu zituen egunero. Kopuru izugarria iruditu zaigu gehientsuenoi, jakin ez dakigun arren, aurreko urteetakoak zeintzuk izan diren.
Ezezagutza oso arriskutsua da. Eta emakumeen aurkako bortizkeriarekin gertatzen den antzekoa izan daitekeela pentsatzen jardun dut. Emakumeen aurkako bortizkeria oraingo kontua al da bada? Orain kasuak biderkatu egin dira? Erantzuna da, orain, kasu hauek azaleratu egiten direla. Salatu egiten direla poliziaren aurrean eta salatu egiten direla komunikabideen aurrean. Lehen, ezkutatu egiten ziren. Eta etxe barruan geratzen ziren, bai lotsaizunak (halaxe hartzen baitziren) eta baita hiltzaileak ere. Gure herri literaturak ondotxo jasoak ditu gure baserrietako eta auzo bakartuetako etxeetako bizikideek ere, eskopetak eta labanak izaten zituztela lagun, bai herri edo auzo batetik bestera bidaiatzen zutenean, tabernara joaten zirenean, edo traturen bat egin behar zutenean.
Gure herri literaturak argiro jasotzen ditu labankadaz edo tiroz hildakoen gertakizunak. Baina kontatzen dira aleka, gertakari bakan bailiran, argi utziz hala ere, herri ezagutzaren baitan egon direla urte eta urteetan.
Labana poltsikoan erabili duten bizikideak beti izan ditugu “gurean” ere, gauzak okertuta ere… Kontua da, gertakizunak azalera ez ekartzeak ezjakitun bilakatzen gaituela eta, aldi berean, zoriontsuago bizi garela, ziurtasun faltsu batek babestuta. Orain, ez gara hain zoriontsu, gehixeago dakigulako, eta beldurrak errudunen bila ateratzea eskatzen digu. Buruan beldurra eta ahurrean labana izanez gero, justiziarekikoak norbere esku daudela sinetsarazi arte, okerrenean.