Enpresan, ez garela ezinbestekoak sinestarazten digute. Enpresa handietan, goi-kargu bat hilko balitz ere, bere ordezkoa nor izango litzatekeen aurrez zehaztuta egoten da. Baita goi-kargu bat baino gehiagok postua utzi edota istripu bat izango balute ere.

Berehala irakasten dira baita ere, lider baten agintaldiaren gainekoak. Teoria ezberdinak dauden arren, aski ezaguna da, bizitzaren zikloaren adinekoa dela lider baten agintaldiaren iraupen egokia defendatzen duena. Hau da, zazpi urtekoa (teoria honek aldagai ezberdinak ditu herrialde ezberdinetako kulturaren arabera: lau urtetik hamabi urte artekoa). Guru handiei entzuna diegu, lider batek zazpi urteko bizi zikloan edo agintaldian egin ez duena, ez dela egitekoa. Hortik aurrera, egonkortu eginen dela (ez, preseski, hitzaren zentzu onean). Ez dela areago berritzaile izanen. Eta ideia honekin lotzen entzun ditugu talentu edo belaunaldi berriei aukerak ireki beharrarena, ahots berriengan konfiantza izatearena, edota aulkia berotzen dutenen aldetik beharrezkoa den umiltasuna eta eskuzabaltasuna.

Ustez zentzua eta oinarri kontrastatu bat duten irakasbide hauek, dirudienez, ez dute politikarako balio. Boris Johnson berriro Erresuma Batuko lehen ministro izateko hautagai aurkezteko asmotan omen da (zutabea idatzi bitartean, oraindik albistea ez da egiaztatu). Izan liteke alderdiaren estrategia. Hautagai bat erretzearena, alegia. Lau hautagai posible euren artean borrokan jarri beharrean, aukerarik ez daukan bat aurkeztu eta, horrela, lehia hiruren artean zentratzeko. Baina hiritarrari ematen zaion irudia besterik da. Hau da, alderdiak ez duela hoberik. Ezin pentsatuzkoa baita, Johnson izan daitekeenik alderdiaren aukerarik onena, hasteko eta behin, bere zikloa amaitu zelako. Eta aurrera doan gizarte batek, iraganetik irakatsiak berreskuratu behar dituelako bakarrik, ez zikloa erre duten pertsonak.

Botereari itsaso erdian enbor zatiari bezala lotzen zaizkion pertsonek, ezinbestekoak direla sinesten dute. Eta horrek, hiritarra, bere bozkaren ezinbestekotasunaz zalantza egitera darama.