Gogoan daukat. Kuriosoa nola ume txiki batek gorde ditzaken hainbat oroitzapen, eta zergatik, alderantziz, besteak ez. Ama añorgatarra nuen, baita osaba Joakin, soltero, koadrilatan iaioa, pilotari bihurria izandakoa Añorgako frontoian (bere ama Ramonak eta aita Manuelek, nire amon-aitonak, debekatuta zuten frontoira hurbiltzea osaba Joakinek jokatzen zuenetan). Osaba Joakin estropada garaitan beti “Donostiratzen” zen haietakoa zen, goiz goiz, Lasarte edo Tolosatik zetorren trolebus berdea edo autobus gorria hartuz. Gustukoa zuen Kontxako Badiara ematen zuen Aquariumeko terrazan leku on bat hartzea bere lagunekin. Aldez aurretik “Portaletasen” egiten zituen bere apustuak, beti Oriyon alde. Ni berekin eramaten ninduen eta egia esan asko aspertzen nintzen, baina osaba Joakini ilusioa egiten zion bere arrebaren seme zaharrenarekin Donostiarantz abiatzea txukun, pintxo, alkandora txuri garbitu eta plantxatu berria eta txapela handi eta elegantea bere era propiora jantzita. Ni aspertuta, sariaren zain. Estropadak amaituta Casa Alcaldera abiatzen zen koadrila osoa, beraiek ia belztutako sagi handi batzuetatik atera berriko ardo beltza eskutan eta urdaiazpiko mokadua bestean. Nik Txus limoia eta kakahueteak, gustura benetan, bake santuan tripa beteaz. Garaia haietan taberna barrutan ohikoa zen erretzea. Osaba Joakin pilotari erretzailea zen, Celtas eta Ducados erretzen zituen horietakoa. Baina Txus horrek eta kakahuete horiek bazuten bere ordaina, bai. Osaba Joaquini bihotzekoak eman zion aspalditxo eta medikuek debeku zorrotzean zuten, debekatuta erretzea, erabat. Baina osabak estropadetan erre egiten zuen, lasai zegoelakoan nengoen, jakitun baitzen, ondo zekien ez nuela txintik esango etxeratzean, ongi baitzekien jakitun nintzela, limoizko Txusak eta kakahueteek bazutela bere prezio propioa: nire isiltasuna. Osabak horri buruz inoiz ezer ez esan arren umetxo hark ondo bezain ondo ulertu zuen egoera. Adostasun tazitua, nire bizitzako lehenengoa. Hori bai, biok pozik. l