AEBetan 50 urte atzera egin dutela diogu abortuaren legea aho-mingainera ekartzean. Ez da, ordea, abortuaren legea ezbaian jarri beharrekoa. Ez da bizitzaren alde edo kontra agertzea auzia. Kontua, emakumearen eskubideak dira. Dagozkionak aitortzea. Bere gorputzaren gainean, ama izateko momentuaren eta familia eratzearen inguruan… Mundu honetara bizitza berria ekartzea ez da Jainkoen esana betetzea, legeetan idatzita dagoenarekin konplitzea, eta are gutxiago beldurrak eta estigmatizazioak eraikitzen jarraitzea. Eten nahi den haurdunaldi horren sorreran bi izan dira aktoreak. Eta haurdun gelditzen den subjektua da bakarrik puta. Haurdun gelditzen denari esaten zaio zer dagoen ondo eta zer gaizki. Haurdun dagoenari gaztigatzen zaio bizitza emateaz edo kentzeaz.

Abortuaren legea indargabetzearen erabakiaren atzetik ez dago pentsamendu sakonik, ezta bizitzaren aldeko edo kontrako auzi gisa planteatzen dutenen atzean ere. Behin eta berriz ezkutatu nahi baita, funtsean, emakumearen eskubideak direla mugatu nahi direnak. Bizitzaren gaineko eskubidea, onartzea kostatzen bazaie ere, emakumearena da. Berea da erabakitzea noiz, norekin eta nola.

Eta hori erabakitzen ez duen bitartean, haurdunaldiaren ondorioa, bi aktoreren lanaren ondorio dela salatu behar dugu. Ez bakarrik putarena. Ez dago puta bakarrik estigmatizatu beharrik. Galde dezagun, bada, nahi gabeko haurdunaldi horretan parte hartutako zenbat gizonezkok lagun-tzen dioten emakumeari haurdunaldia etetera. Psikologoek diote gogorra dela prozesua, bai fisikoki eta baita psikologikoki ere. Gogorra dela prozesua, oraindik, 50 urte ondoren, haurdun gelditzearen “errua” emakumeari (bakarrik) egozten zaiolako eta gauzak hobeto egin ez izana ere bi aktoreetako bati bakarrik eskatzen.

Eta honekin guztiarekin ere, oraindik, bizi-tzaren alde edo kontra egotearen gainean dihardugu, moralkeriaren erabilerarik makurrena eginez. Galde diezaietela, bada, Afrikan eskuetan hiltzen zaizkien seme-alaben amei bizitzaren alde edo kontra ote dauden. Egin ezin den galdera dela irudituko zaigu. Eta ez da.