Eeskubide politiko eta zibilen ikuspegitik, Iranen historian nekez aurki daiteke 1941etik 1953ra bitarteko aroa baino oparoagorik, bere akats eta gabezia guztiekin. Ñabardurak eta argi-ilunak mila, baina irandarrentzat, emakumeen eta gutxiengo etniko eta erlijiosoen eskubideentzat bereziki, inoizko arorik askeentsuena izan zen, hain segur: demokrazia parlamentarioaren loratzea; prentsa-askatasun aipagarria; kolore orotako hainbat alderdi politiko; mendebaldearen eragina eta tradizio pertsiarra orekatzeko ahalegina; emakumeek espazio publikoan emaniko urrats aipagarriak –nahiz eta artean boto-eskubiderik izan ez–; gutxiengoekin tentsioak izan arren, parlamentarismoak elkar-ulertzeari emaniko bideak...
1953an suntsitu zuten hori guztia. Ez irandarren barne-tentsioek, kanpoko eragile historikoek sustaturiko kolpeak baizik. 1951. urtera arte Erresuma Batuak kontrolatzen zuen Irango petrolio guztia, eta irabazirik handienak britainiarrentzat izaten ziren. Mossadegh lehen ministroak petrolioa nazionalizatzea erabaki zuen, baliabide horiek Irango herriaren garapenera bideratu behar zirela argudiatuz: ospitaleak, eskolak, azpiegiturak... Londres ez zegoen energia-iturri nagusia galtzeko prest. Nor izan zuen aliatu demokratikokiko hautaturiko lehen ministroa kargugabetzeko? Betikoak, Amerikako Estatu Batuak. Aitzakia nagusia ere betikoa: komunismoa gailentzeko arriskua. Taktika ilunak erabili zituzten –hori ere betikoa–: kazetariak eta politikariak erosi; kaleetako istiluak antolatu eta ordaindu, herrialdean omen zegoen kaosa aitzakiatzat erabiltzeko; armadaren sektore monarkikoak armatu kolpea eman zezaten...
Kolpeak arrakasta izan zuen, jakina: Mossadegh espetxeratu egin zuten eta Shaha diktadore gisa itzuli zen. 25 urteko errepresio-aroa ekarri zuen horrek. Errepresioak amorrua, amorruak gorrotoa, eta gorrotoak 1979ko iraultza islamikoa. Geroztik hor dirau eskubide ororen zapaltzaile den Irango diktadura teokratiko, matxista higuingarriak.
1953an mendebaldeko “demokraziek” Ekialde Ertaineko demokrazia loratu bakarra hil zuten, petrolioaren eta kontrol geopolitikoaren truke. Orain, ostera, inongo erakunderen baimenik gabeko gerla bat abiatu dute. Ez, noski, diru eta botere gosez, irandarrak etsaiaren hatzaparretatik askatzeko baino. Otsoa ardizain.