Síguenos en redes sociales:

Isuriak eta jarioak

Lehen munduak ez ditu bere kontsumo-eredua eta erosotasuna sakrifikatu nahi

Isuriak eta jarioakPeggy Choucair - Pixabay

Urteetan zehar, diskurtso nagusiak hatzaz seinalatu ditu garapen bidean diren herrialdeak. India, Txina edo Brasil izan dira, askoren ustez, planeta berotzearen errudun nagusiak. Argumentua erraza zen: haien industrializazio-prozesu azkarra eta ikatzarekiko dependentzia atmosfera itotzen ari ziren. Datu absolutuetan ukaezinak dira herrialde horien isuri alimalekoak, baina analisi horrek bi faktore garrantzitsu ahanzten ditu maiz: pertsonako zenbat kutsatzen den –euskal herritarrok, batez beste, indiarrek baino askoz energia, haragi eta teknologia gehiago kontsumitzen dugu–, eta zor ekologikoa.  

Edozein gisaz, paradigma hori erabat arraildu da AEBen azken erabaki politikoarekin. Munduko potentzia nagusiak, presidente harroputza buru, orain arteko ingurumen-murrizketa garrantzitsuenak bertan behera uztea erabaki du. Zehazki, automobilgintzaren sektorean ezarrita zeuden mugak. Aurrerantzean, auto-konpainiek ez dute teknologia garbiagoetan eta motorren eraginkortasunean hainbeste inbertitu beharrik izanen. Ondorioa argia bezain lazgarria da: epe laburreko ekonomiak ingurumen-osasunari irabazi dio berriro ere.

Erabaki honek agerian uzten du hipokrisia bikoitza. Herrialde garatuek ahalegin handiagoa eskatzen diete garapen bidean doazenei, baina lehen munduak ez ditu bere kontsumo-eredua eta erosotasuna sakrifikatu nahi. Kutsatzaile historiko nagusiak arauak bete-tzeari uko egiten dion bitartean, beste batzuei gerrikoa estutzeko eskatzen zaie. Atmosferak ez du banderarik, ez ate-sarerik. Isuritako karbono dioxidoak eragin bera du Porto Velhon, New Delhin edo New Yorken. Alabaina, ardura politikoa ez da bera. Potentzia nagusiek eredua eman beharrean oztopoak jartzen badituzte, krisi klimatikoaren aurkako borroka oximoron hutsa izango da. Galdera ez da gehien nork kutsatzen duen, kutsatzeari uzteko gaitasun eta betebehar moralik handiena norena den baizik.

Hori da Trumpek utzi nahi duen herentzia. Endekapen kognitibo geldiezinak amildegian behera darama munduko gizonik boteretsuena, eta harekin batera goaz denok.