duela pare bat aste jakin genuen. Zarauzko bazar txinatar batean oharra jarri dute: “Lokal honetan sarrera ukatzeko eskubidea dugu. Ez dugu onartuko iruzkin arrazistarik edo baztertzailerik. Langileekin errespetua galtzen duten bezeroak kalera bidaliko ditugu. Eta, mesedez, hezi itzazue seme-alabak”. Egunkari honek elkarrizketatu egin zuen bazarraren nagusia. Ez omen da gertaera jakin bat izan, maiz errepikatzen diren jokaerak baizik. 9, 13 edo 15 urteko haur eta gaztetxoen errespetu faltez kexatzen zen nagusiki: “Guk sartzen den orori egun on esaten diogu. Askok erantzun ere ez dute egiten, beste askok Konnichiwa edo Arigato esaten digute, edo Txintxantxon. Gutaz barre egiteko esaten dute. Ez digu batere graziarik egiten eta nazkatu egin gara. Gainera Wáng ba dàn esaten ikasi dute eta noiznahi esaten digute. Ergela edo astapitoa esan nahi du txineraz. Etengabe xaxatzen gaituzte. Askotan talde handietan etortzen dira. Erdiek iseka egiten digute, beste erdiak isilik geratzen dira. Ezer egiten ez duena bullying-aren konplize da. Eta arazoa ez da haur eta gaztetxoena soilik. Haur batzuk gurasoekin etorri ziren urtezahar gauerako petardoak erostera. Begirunez galdetu beharrean, Tú entendel español? Yo quelel catapum esan ziguten, eta gurasoak ondoan, barrez algaraka”.

Auzolotsa eta amorrua nahasi zitzaizkidan barrunbean horren berri izan nuenean. Guraso horietakoren bat joan ote da akatsaz oharturik barkamena eskatzera? Haur trufari horietakoren bat inguratu ote zaie? Inork esan ote die beraien jokaerak direla gure herrian soberan daudenak, eta ez umiliatu nahi izan dituzten txinatarrak?

Yisha Wang Xu txinatar jatorriko lepazpiarra da. Haren gurasoek ere bazar bat daukate. 12 urte ditu Yishak, Sustraiak dantza taldeko kide da eta iragan asteburuan Gazteen VIII. Aurresku Ligako bigarren kanporaketa irabazi zuen Villabonan. Yisharen adinkideren batzuek ere iseka egingo diete haren gurasoei, larri ibili. Ziur aski, gainera, soberan daudenak txinatarrak direla pentsatuko dute.