Bagenekien bazetorrela. Sortzaileek ohartarazi ziguten, ez da esan faltaz izan, baina, neuri behintzat, uholde bat edo luizi bat bezala etorri zait gainera. Adimen Artifizialaz ari naiz.

Sakelako telefonoaren softwarea eguneratzearekin batera, baliabide berriak eman dizkit aditzera. Argazki sorta batetik abiatuta, neure edo edonoren emotikonoa egin diezadakeela jakinarazi dit. Amarena egin dut eta igorri egin diot. Amaginarrebarekin ere jolas bera probatu dut. Biek erantzun berbera eman didate: “Arraro samar nago, baina neu naiz. Zer egin duzu, adimen artifizialarekin?”.

Ez sinestekoa da. Irudigintzan trebezia harrigarriak ditu, baina baita beste ia edozein alorretan ere. Kanta baten instrumentazioa eta ahotsa pista banatan bereizita eman diezazkidake aitaren batean. Ez zaio axola egile-eskubiderik, musikarienik, editorearenik. Testugintzan ere harri eta zur utzi nau. Bi mila karaktereko testu bat eskatu diot Amerikako Estatu Batuen muga-zergez. Bost segundoan egin dit. Akatsik ia batere gabeko euskaran. Neutralegia zela esan diot, testu kritikoagoa nahi nuela. Beste bost segundo aski izan ditu. Gatz pixka bat falta zuela ihardetsi diot, ironia eta sarkasmoa erabil zitzala. Beste bost segundo. Emaitza, zinez harrigarria. Igandeko artikulurako balia nezakeela pentsatu dut, baina oraindik ez naiz zakurkeria maila horretara heldu.

Adimen artifizialaren gaitasunak neurri bertsuko lilura eta izua eragin dizkit. Beste gisa bateko proba bat jarri beharra neukan, eta gai berari buruzko bertso bat eskatu diot. Oraindik zerbaitetan banaiz hura baino gehiago, baina, arraioa!, ez dakigu zer datorkigun.