Etcheverry
Duela lau urte ebatzi zuen Euskaltzaindiak nola idatzi behar diren 1522an munduari bira osatu zuen Getariako itsasgizon ezagunaren izendeiturak: Juan Sebastian Elkano
Duela lau urte ebatzi zuen Euskaltzaindiaknola idatzi behar diren 1522an munduari bira osatu zuen Getariako itsasgizon ezagunaren izendeiturak: Juan Sebastian Elkano. Honela arrazoitu zuen akademiak: “Idazkera horren alde egiteko arrazoietako bat da Elkano deitura euskararen ondarekoa izatea. Gainera, ez dugu ahaztu behar badela Aia eta Zarautz artean Elkano auzo-izena, eta Nafarroan ere badugula Elkano izeneko kontzeju bat, Eguesibarren.” Ez zen falta izan, jakina, ebazpen horri desegoki eta doktrinatzaile iritzi zionik: “berak del cano sinatzen bazuen, halaxe idatzi behar genuke beste guztiok ere”. Kexatu zirenetako askok ez dute irizpide hori betetzen beste zenbait pertsona ospetsurekin. Miguel de Cervantes idazten dute, Kixote obraren egileak de cerbantes sinatzen bazuen ere.
Euskadiko Euskal Pilota Federazioak naziortekoan eskubide osoko kide izatea lortu du. Azken bedeinkapenaren faltan, ofizialki lehiatu ahal izango da. Ofizialtasunak bide asko lautzen ditu, baita hizkuntzaren alorrean ere. Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan euskarak ez du ofizialtasunik. Frantziar estatu jakobinoak ez du euskal deiturak euskal grafiaz idazteko aukerarik ere ematen. Nortasun agirian Etcheverry jartzen badu, izorra zaitez, alferrik erakutsiko duzu erregistro zibilean Euskaltzaindiaren deiturategia edo bestelako edozein egiaztagiri. Izatekotan ere, deituran akatsen bat dagoela frogatuz gero utziko dizute prozesu neketsu bat abiatzen, —hizkuntzarena berarena ez den grafiaz idatzita egotea aski akats ez balitz bezala—.
Hegoaldean badugu aldatzeko aukera. Ez dago, duela hamarkada batzuk bezala, erregistro zibileko arduradunen eskuzabaltasunaren edo aldarte onaren menturan egon beharrik. Halere, konta ezin ahala dira deituren erdal idazkerarik zuzendu ez duten abertzale eta euskaltzaleak. Nagikeriaz batzuk, ezaxolaz asko, “gure familian beti horrela idatzi izan da” esanez beste hainbat. Edo txikikeria iruditurik, horrelako ñabardura bakoitzean gerra bat galtzen dugula ohartzeke.