Gaitzeko kalapita sortu du France Football kirol aldizkariaren aurtengo sari banaketak. Talderik onenaren saria Real Madrili zegokiola deliberatu zuten, entrenatzailerik hoberenarena Carlo Ancelottiri. Norbaitek aurrez sinetsarazi zien jokalaririk onenarena Vinicius Junior brasildarrarentzat izanen zela –erabakia hartzen duten kazetariek bozka eman aurretik hasi ziren hori sinesten eta hedatzen–, eta honek egundoko jaia antolatua zuen, baziren Brasildik berariaz etorritako gonbidatuak ere. Sari nagusia Rodriri emango ziotela jakin zuenean harrapatutako zaputzaren ondoren, ekitaldira joateari uko egin zion. Ez berak bakarrik: Real Madrilek, bere burua jokabide eredugarrien etsenplutzat duen taldeak, ez zuen ordezkaririk bidali. Carlo Ancelotti entrenatzaileak ere betiko orbandu du gizon zuzen eta dotorearen mantra. Trajeak aldatuko ditu, orbanak hor iraungo du. Taldearen eta entrenatzailearen jokabide itsusia zuritu nahi izan duten zenbait kazetarik arrazoiketak erabat bihurritu behar izan dituzte: “jokalaria hain minduta ikusirik, harekiko begirunez ebatzi dute ekitaldira ez joatea. Hura babestu nahirik hartutako erabakia izan da”. Astaputza baino arrazoiketa hutsalagoa.
Geure kiroletan ere ikusi ditugu bidetik irtendako izarrak. Esku pilotan eta harrijasotzen argienak. Haiek ere izan dituzte babesa modu ezin makurragoan ulertzen duten “laguntzaileak”, zabu bakoitzean algara egin eta txaloak jotzen zizkietenak, paparretik heldu eta astindu bat eman beharrean. Babesa ematea ez da zernahi egoeratan masailak ferekatu eta mundua kontra jarri zaiela sinetsaraztea, heltzen, ontzen, umotzen, zailtzen laguntzea baizik. Zeu bazterrean utziko bazaitu ere.