Zarautzek herriarentzat irabazi ditu oraintsu arte Santa Klarako lekaimeenak izandako lurrak. Harresi garai haien barneko lorategi eta baratzeak ikusezin eta gozaezin ziren herritarrontzat. Orain, harresiak eraitsirik, bi hektareako gune zabal eta lau bat dugu herriaren erdi-erdian, geltoki berriaren hego-mendebalderantz. Hilabete barru, sailak berdatzen direnean, are ederrago geratuko da, baina jada ari gara arnasgune zoragarri horretaz gozatzen: Amalur parkea.

Oraindik amaitu gabeko ertz bakarrean, geltokiaren hego-ekialderanzko muturrean, bada zuhaitz tantai bat, landatu dituzten dozenaka arbola gazteek ez bezalako itzala egiten duen artelatz hostotsu bat. Haren ondoan bizi izan zen Zarauzko familia ezagun bat geltoki eta parke berriaren egitasmoak haien etxea eraitsi zuen arte. Grafikagintzako enpresa bat duen familia da, herrian hamarkada luzez kultura eta kirol arloko hainbat ekinbide babestu izan dituena. Duela hogei bat urte ETAk estortsio gutun bat bidali zien. Etxean hitz eginik, jokabide mafioso haren aurrean ez makurtzeko erabakia hartu zuten: “gure lasaitasunari uko egin behar badiogu ere, ez dugu sosik emango jende gehiago hiltzen jarrai dezaten.”

2005eko maiatzaren 22an bete zuen ETAk mehatxua: bi kilo kloratita leherrarazi zituen xantaiari uko egin zion familiaren etxe ondoan. Etxea inguratzen zuen horman zenbait kalte eragin zituen. Etxe ondoko artelatzari ere eragin zion, baina bizirik eutsi zion. Hantxe dirau oraindik, Amalur parke berrian, askatasunaren eta bakearen ikur.