Egun garrantzitsua dute galiziarrek, PPGren hamabost urteko hegemoniari aurre egiteko moduan daudeke. Hainbat aldagairen baitan daude egoera iraultzeko aukerak: atzerriko bozak, PPGk azken unean berenaga litzakeen eskuin-muturreko boto-emaileak, “boto baliagarria” biltzeko BNGren gaitasuna, Sumar eta Democracia Ourensana alderdiek %5eko langa gainditzen duten ala ez, Nuñez Feijook amnistiari eginiko kukuaren ondorioak... Aldaketarako alternatibak etsipen historikoa gainditzea eskatzen du, ezkortasuna atzean uztea. Denboran gotortzen diren aginteek fosiltzeko arriskua izaten dute, momifika-tzekoa. “Den dena da aldatzen / ez bada momia / aldatzen da azala / aldatzen mamia” idatzi zuen Sarrionandiak, kantatu Imanolek. EAJk ere ez dauka beharleku makala mamia garai aldakorretara egokitu eta azala erakargarri bihurtzeko. Begien bistakoa da hamarkada luzeetako aginteak egituretan eta jardunbideetan eragindako higadura. Aldi berean, albernatiba gisa momifikatua zirudien korronte batek, ezker abertzale historikoaren inguruan ardaztutakoak, bere burua lehen aldiz gai ikusten du Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak irabazteko. Irabazi aditz zabala eta lausoa da. Botorik gehien lortzen dituenak irabazi egiten du, bai, baina, gehiengo osoak ezinezko diren garaiotan, gobernantza-eredu partekatuak hezurmamitzeko gaitasunak erabakitzen ditu gobernuak. Zerrendarik bozkatuena izateko lehia estua izango da, eta hori lor-tzen duenak abiatuko ditu gobernu-aukerak bideratzeko elkarrizketak. Gehiengo soilek, baina, bestelako gaitasunak eska-tzen dituzte. Elkarlanak konplizitatea eskatzen du, konplizitateak konfiantza, eta oraindik, tamalez, askotariko harriek zamatzen dute euskal alderdien arteko lankidetza zintzoa.