Urtearen azkenean San Silbestre. Aurten ere hala da. Estuasunak estuasun, gorabeherak gorabehera, urtearen azkenean berdintsu izango garela adierazteko erabili ohi dugu esamolde hori, baina ez da beti hala izaten. Aurtengo eguberriak eta urte-aldaketa desberdinak dira gurean.

Egunak luze egiten zaizkigu, eta urteak airean iragaten. Haurtzaro eta gaztaro oparoak izanagatik, atzera egiterik banu ere ez nintzateke magal hartara itzuliko. Helduaroan, halere, dena da astunago, minago. Heriok pertsonarik maiteenak ebasten dizkigu, gero eta maizago digu sentiarazten itzulbiderik gabeko galeraren huts hits hori, gero eta sarriago gaitu eramaten nostalgiara, malenkoniara, oroitzapenean baizik bizi ez den hartara.

Bertsotan zein irratiko lantxoetan nerabe nin-tzela hasia izaki, aitak eraman behar izaten ninduen batera eta bestera, saioetara eta emankizunetara. Ez zen kexu izaten, ibilia dena baita erromeria. 1984ko errege egunez Berako ziklo krossa ematera joan ginen, Ibardin gainera. Joxe Mari Iurrebasok irabazi zuen, Marino Lejarretari itzuli bat kenduta. Bernard Hinault handia izan zen Iurrebasok doblatu gabeetan azkena. Hotz handia zen oso, zeropean ginen. Aitak txorizo mutur bat ekarri zidan lehenbizi, kafe beroa gero, eta hark laguntzen zidan hitz egin behar nuen bakoitzean irratiko gailuaren botoia sakatzen, hormatutako esku dardartiekin neu ez bainintzen gauza. Ai, gure aita maitea...

Oroitzapen goxoak trumilka datozkit Nikolas Segurola maiteaz oroiturik ere. Atzo eman zuen azken arnasa aurrez hainbati eman izan digunak. Eskuzabala bihotzez bezain, baldarretik beste zuen gozotik, lotsatitik adina maitakorretik. Cañete ministroaren eskutik saria jasotzera jertsea bizkarrean zuela joan zen hura oso zen gizon jantzia. Eta aberatsa. Opari aparta izan da Nikolas ezagutzea eta maitatzea. Ez dugu ahaztuko.

Begiak ixtea berriz bizitzea da. Alta, ez dago irekitzea beste erremediorik aurrera egiteko. Urte berri on, irakurle maite.