Mezatara neu baino gutxiago joaten diren lagun batzuekin hileta batean izan naiz asteon. Haiek kanpoan geratzen dira normalean –oraingoan ez, kanpoan hotz zen–, ni sartu egiten naiz. Batzuetan gustura entzuten ditut homilia eta sermoia, badira une saminetan lagungarri izan daitezkeen hitzak erabiltzen benetan trebeak diren apaizak, gizatiar eta hurbileko sentitzen ditugunak. Liturgia bera ez da batere aldatu ume ginenetik. Betiko egitura, betiko kantuak, betiko kontuak... Xuabe esanda, espektakulu gisa erabat pobrea eta eskasa da, baldin eta ez duen abesbatza ederren batek aberasten. Fede handia behar du hiletez landa mezatara joateko, edo heriotzari belarriak ikusi eta heldulekuren baten beharra. 

Elizaren ingurumariko erakundeetan giza-maila handiko jende asko dabil, ahulenei bereizketarik gabe laguntzeko borondate osoz diharduten gizon eta emakume ugari. Ez daiteke halakorik esan elizaren dogmak eta ildoak erabaki eta finkatzen dituztenez. Vatikanoko San Petri plazan nintzen, Pello Zabala zenarekin joanik, Jorge Mario Bergoglio Aita Santu izendatu zutenean. Ez zuen poz makala amezketarrak! Elizara benetako aldaketak ekar zitzakeela uste izatera heldu ziren ene inguru hurbileko hainbat kristau ere. 

2020an, Evgeny Afineevsky errusiarrak zuzendutako Francesco dokumentalean, homosexualitateaz mintzatu zen Frantzisko Aita Santua: “Homosexualak Jaungoikoaren seme-alabak dira eta familia baten eskubidea dute. Inork ez luke horregatik kanporatua edo zapaldua izan behar”. Azken egunotan, ostera, honako baieztapen irmo hau egin du: “Homosexualitatea ez da delitua, baina bekatua da”. Homosexualez jositako erakunde baten ordezkari gorenak esan du. Homosexual izatea ez dute delitu, ez bekatu; milaka dira, ordea, beren autoritatea baliatuz haur eta nerabeekin bekatu eta delitu biziki larriak egindakoak. Aita Santu ustez aurrerakoi honen hitzak entzunik, ez dakit fededunentzat ere –agian fededunentzat bereziki– ez ote duen hotz handiagoa egiten eliza barnean.