Montevideora joan-etorri aski labur bat egin dut asteon, hilaren 26an Donostiako Kursaal jauregian izango den Gure Lurra kongresuaren kariaz. Aurten ere lehen sektorearen erronkez eta ezinez, aukerez eta arrangurez mintzatuko gara, iritziak eta gogoetak partekatuko ditugu laborari, abeltzain eta arrantzaleekin. Aurtengo gonbidatu nagusia Pepe Mujica izango da, Uruguaiko presidente ohia. Hura honaino ekarrarazteko zaharxko izaki, neu joan naiz hara. Luzaz aritu gara sektoreaz, alorreko ministro ohia ez ezik laboraria baita. Alabaina, beste hainbat gairi buruz mintzatzeko baliatu genuen elkarrizketa. Hiriaren erdigunetik 15-20 minutu aski dira Pepe eta Lucía bizi diren etxetxora heltzeko. Halere, beste mundu bat da, baratzez eta laborari-etxez beteriko eremuak. Ongi hartzen da arnasa.

Montevideora iritsi nintzenetik hainbat herritarri galdegin nien Mujicaz. Ez ziren presidente ohiaren aldekoak denak. Paper-denda bateko nagusia etsipenez mintzatu zitzaidan: “Nik botoa eman nion, orain ez nioke emango, hainbat promes garrantzitsu utzi zituen bete gabe. Bluf bat izan da, ez dut ulertzen nola sor-tzen duen halako miresmena mundu zabalean.” Egiari zor, aldekoak askoz gehiago kausitu nituen. Galdera nagusiki jende soilari egin izanak ere badu eraginik, jakina. “Gu bezala bizi da, gu bezalakoa da” esan zidaten hainbatek. Pepek berak ere ardatzean jarria du bizimoldea: “Gehiengoak hautatu ninduen, gehienak bezala bizi behar dut”.

Hamarkada asko daramatza etxola xume hartan, baita presidente izan zen urteetan ere. Pobrezia desagerrarazi ezin izanaren arantza geratu zaio. Ez du pobreziaren apologiarik egiten, soitasunarena baizik. Pepe eta Luciaren sukalde xaharrean egia arnasten da.