Lurraldeak zatitzen dituen muga naturalak nahikoak ez eta gizakiak harresiak eraiki ditu estatuen, jendarteen, zatiketak gauzatzeko. Wind of change abestu zuen Scorpions talde amerikarrak 1990. urtean. Aldaketa garaia zen, 1945. urtea izan zen moduan, eta itxura guztien arabera, pandemia honen amaiera (egunen batean iristen bada) ere horixe izango da.

Abesti hori plazaratu baino urtebete lehenago erori zen Berlingo harresia. 1961eko abuztuaren 13a zen. Alemaniako Errepublika Demokratikoa (AED) 38 urte luzez Berlingo hiria zein gaur egun ezagutzen dugun Alemania bera zatituta edukiko zuen harresia eraikitzen hasi zen. Bertako biztanleak Mendebaldeko Berlinera zein Alemaniara ez pasatzea zuen helburu, hots, Alemaniako Errepublika Federalera (AEF). Historiako harresi bakarretakoa izango da pertsonari herrialde batetik irteten eta beste batera sartu ahal izatea oztopatzen diona (bakarra ez bada). Berau eraikitzen hasi baino urte ba-tzuk lehenago, ordea, Winston Churchill Britainia Handiko lehen ministroak 1946an Missourin (AEB) eskainitako hitzaldi batean, berak emandako hainbaten artean ospetsuenetarikoan, altzairuzko oihal bati egin zion erreferentzia. Bere ustetan, gerraosteko Europan Baltikotik hasi eta Adriatikoraino

Europa bitan zatituko zen komunistek ezarritako fikziozko muga batekin. Baita asmatu ere. 1989. urtean erori/eraitsi zen Berlingo harresia, urtetan bitan zatituta egondako Alemania bat izatera pasa zen eta, 1991. urtean Sobietar Batasuna desegitearekin batera, Gerra Hotzari amaiera eman zi-tzaion. Ekialdeko Alemanian bizi zirenek porlaneko harresi bat edukitzeaz gain, honek beste aldera pasatzeko eragiten zioten oztopoaz gain, harresi hori beraien buruan zutela ere esan ohi zen, aurrera jotzen uzten ez ziena, geldialdi iraunkor batean mantenduz. Hauetako askoren helburu nagusia ez zen sistema kapitalista besarkatzea, sistema komunista atzean uztea baizik. Berlingo harresia ezagunena izan arren, agian gertutasunagatik edota utzi duen arrastoagatik (bai, nik ere atera dut Breznev eta Honekerren irudia margotuta dun harresi zatiaren parean argazkia), badira munduan beste hainbat kasu, beste hainbat harresi, gizakiak sortuak. Israelek Palestinako herria bazter-tzen duen harresiarena, Ceuta eta Melillan Espainiara (Europara) sartzea galarazten duena edota Donald Trumpek AEB eta Mexikoko mugan eraiki nahi zuena ditugu gizakiak eraikitako lur-zatituen beste adibide batzuk. Europa bitan zatitu zuen horma hura eror-tzearekin batera, Coca-Colonizazioa eta McDonaldizazioa mundu osora zabaldu ziren eta Atlantiar Ozeanoa honen erdigune bilakatu zen, AEB eta Europar Batasunaren arteko aldebikotasuneko harremanak munduaren "epizentroa" izatera pasaz. Baina itsaso zabala dute tartean, ur eremu natural batek banatzen ditu bi lurralde hauek. Ez dugu oso urrutira joan behar muga natural batek sortzen duen zatiketa ikusteko; hortxe ditugu Pirinioak (beti ere, estatuak mendilerro honetaz baliatuz). Begi bistakoa da gure herrian eragiten duen banaketa, pandemiarekin inoiz baino ageriago gelditu dena. Hainbat urtetan zehar, Rhin ibaia gerra franko-prusiarraren lekuko izan da. Ural mendiak ditugu Europa eta Asiaren muga naturala. Hala ere, bi kontinente hauek bakar batean elkartu ohi dira, Eurasia izenez ezaguna den kontinentea osatuz, bien artean masa kontinental bakarra eratzen baitute. Alaskatik Suaren Lurraldera arte Amerika baldin bada eta Tangerretik Lurmutur Hiriraino Afrika, zergatik ez da izango San Vicente Lurmuturretik, edo Islandiatik, Mendebaldeko Papuaraino Eurasia? Txinak (baita Indiak ere) azken hamarkadetan lortu dituen aurrerapen eta hazkunde ekonomikoarekin AEBk munduan duen nagusitasuna zalantzan jartzera iritsi da eta baliteke krisi honen ondoren lidergotza berea, edota gutxienez partekatua izatea. Orduan, nora begiratuko du Europar Batasunak? Zein izango da bere lehentasunezko bazkidea? Txinarekin harremanak areago-tzeak, aurrez aipatutako epizentroa Atlantiar Ozeanotik, Eurasiara igaroko luke, honekin agian AEB nolabaiteko "isolamenduan" utziz. Baina prest egongo al litzake horretarako? Finean, historikoki, inperio batek ez dio bere nagusitasunari borondatez uko egiten, baizik eta porrot egitera bideratuak izan dira. Erromatar Inperioa, Espainia edota Erresuma Batuarena ditugu horren adibide. Guztia elkar konektatuta dagoen mundu honetan, sinesgaitza badirudi ere, estatuek eta beraien mugek inoiz baino balio handiagoa eduki dezakete, batez ere gaur egun datuek duten berebiziko garrantziarekin. Biden presidente izendatu berri duen herrialdeak, adibidez, Europa Errusiarekin elkartzearen beldur izan da betidanik. Zalantzarik gabe, gaur egun, Txinarekin dituen harremanak sendotuko ote direnaren ikaraz esango diote egun on egunsentiari (edota Wall Streeti). AEBk McDonaldizazioa burutu zuen moduan, TikTokizazioa jasango ote dugu Txinaren eskutik? Coca-Colonizazioaren ordez Huaweizazioa? Edota konturatu ez arren, gure artean dugu jada?

Zoritxarrez gizakiak ziurrenik jarraituko du harresiak eraikitzen. Pirinioak, Rhin ibaiak edota Atlantiar itsasoak bertan jarraituko dute. Pandemiaren ondoren, jendartea ezberdina izango dela dirudi. Aldaketaren haize ufadak, ordea, ez dakigu nondik etorriko zaizkigun.