Gloria Fuertes poeta-profetak idatzia: “Normaltasuna zorotasun kontrolatua da”. Salmo laikoen liburuetan agertzeko moduko esaldia. Noiz hasi zen, baina, gure normaltasuna zorotasun deskontrolatua izaten? Azken hilabeteetan gazteei leporatu zaie COVID-19 birusaren zabalpenaren eran tzukizuna. Nolako jokabideak dituzten, inkonszienteak direla, birusa zabaltzen dutela etxeko zaharren artean... Baina gazteak gugandik ikasitakoa ari dira errepikatzen. Bizitzara etorri berriak dira eta hemen nola ibili ikasteko eman dizkiegun gidak eta mapak ustelak dira. Gida horietan normaltzat ematen da hamabost urteko gaztetxoek gaupasak egitea eta alkohola edo bestelakorik neurririk gabe hartu behar izatea ongi pasatzeko; kezkarik nagusiena horixe izatea, ondo pasatzea; eta, ondo pasatzeko bide onena, desfasatzea.

Gazteak ez dira ezeren errudun. Gure gizarte dekadentean heziketaren gainbehera (ez eskolakoa, etxekoa baizik. Utz ditzagun irakasleak bakean) pairatzen dute. Saltzaileen helburu nagusi bihurtu dira, erosle onak izan daitezen harrotu egin ditugu eta ezertarako behar ez dutena behar dutela sinistarazi. Laburtu diegu haurtzaroa eta nerabezaroa, hazkuntza intentsiboko landetxeetan bezala, txitoak berehalako batean oilasko eta oilanda erosle bihur daitezen. Gizartean ematen zaien bultzada kontuan harturik, gehiegi atera dira langile, jator eta solidario. Ostalaritzari ere egotzi zaio zabalkunde honen kausa. Ez da guztiz justua. Bereizi egin behar da, denak ez baitira berdinak. Gauden egoeran gremioko ordezkari batzuen adierazpenak obszenoak gertatu dira. Basoetan bezala gertatu zaielako, garraisi batean. Gure lurraldeetan haritzak eta pagoak landatzea komeni da. Horien etekina luzerako denez, batzuk nahiago dituzte pinuak eta eukaliptoak, lehenago poltsikoratzen direlako hauen irabaziak. Su handiak gertatzen direnean, ordea, negarrez eta guztiok ordaindu behar kaltea. Ostalaritza lan esparru duina da oso eta beharrezkoa, denoi zerbitzu ederra eskaintzen diguna. Baina gure artean gehiegizko hazkundea izan du, maiz auzoen eskubideak urratuz, errentak edo lokalen salmenta prezioak ezin gorago igo dira, etekin azkarra bilatzen zuten askok hor sartu dituzte diruak eta... basoa erre egin da.

Pandemia hasi aurretik egin gabe utzitako atazei ekin beharko diegu orain. Ez da soilik politikarien erantzunkizuna izan, hori esatea gustatzen bazaigu ere. Ezta herritarrena ere. Aseezinen bultzadaren eta besteon isiltasunaren ondorioa izan da. Etorkizun luzean denontzat eginbeharra dago. Politikoek utzi beharko diote jantzi urratuan oihal berriko adabakiak jartzeari eta, begirada zabal bezain luzeaz, geroa oinarri sendoetan eraikitzeko arkitekto egokien bila hasi. Herritarrok konfiantza nori ematen diogun hobe pentsatzen hasi beharko: habe berri irmoak dakartzan etxegileari beste inori ez. Kontuz txerpolari zalapartagileekin.

Gure gizartean pertsonen harreman ekonomikoak bide berrietatik abiatzeko printzipioak garatu behar. Kodiziaren indarrak muturrera eraman ditugu. Hainbeste non pobreen ugalketarekin batera aberatsena ere progresio handian etorri den. Milaka milioi euro, inoiz ez benetan mereziak, biltzen dituztenak, milaka milioi miseria dituztenen mundu berean bizi dira. Zuzenbide deitzen duguna, abiapuntutik bertatik Okerbidea da egungo gizartean, oinarriak ez direlako zuzenak. Justu izan al daiteke pertsona batek lo egitea eguneko 12.000 euro kostatzen den hotel bateko suitean, populazioaren atal handi batek diru horrekin konformatu behar duenean urte osoan mantentzeko? Kontu erreala da hau. Zorotasun deskontrolatua. Horixe izan da eredua. Kontxako estropadak dira ospatzekoak egunotan. Horien aitzakian desfasearen festa izaten da Donostian. Ez bakarra noski. Txirri, Mirri eta Txiribitonen abesti kuttun batean, honela kantatzen genuen: Itsas gaiztoan dihoan txalupak isurtzen duen kemenaz, jarrai ezazu zeure bidean, jarrai ezazu, ene laguna. Horretarako lemazain onak behar dira, ziaboga ongi hartzeko, eta desfasearen pandemia atzean utzi ahal izateko.