Iritizia

Euskadin lan harremanetako berme sistema eratzea posible al da?

02.09.2020 | 08:30

Beltza da etorkizuna lan-arloan, enpleguan. Baina beltzago izan daiteke lan-arloko elkarrizketa sozialari ekiten ez bazaio ate joka datorkigun legealdi berrian. Izan ere, COVID-19a dela eta, horrek berarekin dakartzan krisialdi eta askotariko ondorioengatik, ezinbestekoa da lan-harremanen esparru egokia izatea, gure herriaren errealitatearekin bat datorrena, eta mundu-mailako egoera aldakorretara erraz egokitzeko modukoa dena.

Elkarrizketa sozialaren bidez eragile sozialek eta Gobernuak arduratsu jokatu beharko lukete industria eta lan harremanetan.

Zehatzago, Lan Harremanetako Berme Sistema antolatzea litzateke helburua, enpresaburuei nahiz langileei segurtasuna eman eta gure herrian bake soziala nagusitzeko

Horren arabera, arau publiko sozialak eta negoziazio kolektiboa bateratu edo konbinatu beharko lirateke. Bestela esanda, bakoi-tzak duen jardute-esparrua errespetatuz, eskutik joango lirateke Gobernuaren esku-hartze arauemaile publikoa eta eragile sozialen autonomia kolektiboa.

Ekonomia nabarmen atzera egiten ari den garaian, eta ezezagunak zaizkigun erronkei aurre egiteko premiak hala eraginda, nahitaezkoa da desorekak saihestea enpresen lehiakortasunaren eta efizientziaren eta lan- nahiz bizitza-baldintzen artean. Azken buruan, bi errealitate horien arteko orekari eustera etorriko litzateke Lan Harremanetako Berme Sistema. Hori berori litzateke gure herriak eskain ditzakeen produktuen eta zerbitzuen balio erantsirik onena.

Jakina, hori guztiori abian jartzeko, ez dira aurrekaririk aproposenak azken 20 urtetan sindikatu abertzaleen eta enpresaburuen erakundeen eta Gobernuaren artean gauzatutako urrunketa eta gero eta ohikoagoak diren jarrera muturtuak. Amets egitea litzateke orduan halako estrategia mahai gainean jartzea ere? Agian, mahaiaren inguruan jarri aurretik aurreiritziak nagusi lirateke eta ezkutuko interesak (gero eta ageriago agertzen direnak) gailenduko lirateke. Akaso, batzuek harri berean auskalo zenbatgarrenean estropezu egitearekin parekatuko lukete horrelako saiakera.

Hala balitz, litekeena da gaur egungo jarrera horiek eta halakoak bultzatzen dituztenak zaharkituak izatea gure herriak lan-munduaren egunerokotasunean dituen arazoei aurre egin eta irtenbideak bilatzeko. Ikusitakoak ikusita, apika, alternatibak beharko genituzke, alegia, elkarrizketa soziala gauzatu eta emaitza zehatzak erdiesteko gai diren eragile berriak. Egin-eginean ere, egoera ezin da gehiago tenkatu, eta are gutxiago bizi dugun garai katramilatsu honetan. Tenkatze horrek gorroto gehiegi sortu du jada. Gorrotoan bizi den herriak ez du etorkizunik. Baina izan gaitezen baikorrak. Amets, amets egin dezagun, abesti herrikoi batean esan bezala, "gertau leikela", horrenbeste urtetako mesfidantzak, ezinikusiak, gorrotoak den-denak bazter urtzi eta posible dela mahai baten inguruan jesartzea eta hurkoaren jardute-esparrua errespetatuz lankide-tzan aritzea, "auzolanean". Jakina da, esaera zaharrak dioen bezala, "balitz eta bazan, elkarrekin dantzan" dabiltzana. Alabaina, jakintzaz, irudimenaz eta onustez ahaleginak egin beharko lirateke Lan Harremanetako Berme Sistema antolatu eta horren arabera produkzio-eredu egokia bideratu eta dinamizatzeko. Orduan posible litzateke.

Baina zein oinarri eta gutxieneko eduki izan ditzake Lan Harremanetako Berme Sistema horrek? Hasian hasi, proposamen orokor batzuk jasoko dira jarraian, egon badagoelako hari-matazari nondik ten egin. Oinarriei erreparatuz, komenigarri da ondo bereiztea, bateko, ikuspuntu politikotik Gobernuari dagokion egitekoa, eta, besteko, eragile sozialei, hots, sindikatuei eta enpresaburuen erakundeei dagokiena. Izan ere, bakoitzaren jardute-esparrua argiro finkatuta errazago izan daiteke gerogarrenean bi-biak uztartu eta bideragarri bihurtzea, elkarrizketa sozialaren bidez lan eta industria harremanak planifikatze aldera, horiek eragingarri, efektibo eta efizienteak izan daitezen. Modu horretara, harremanok eragingarri izango dira baldin eta aldez aurretik adostutako xedeak gauzatzeko egoki badira; efektibo izango dira Gobernuak zein eragile sozialek hartutako konpromisoak betetzen badituzte; eta efizienteak izango dira lan- eta industria- harremanok gauzatzean sortutako kostu ekonomikoak jasangarriak izateaz gain ongizateari eusteko edo berau areagotzeko baliagarri badira.

Halatan, Gobernuaren egitekoa izan daiteke "akuiluarena" (ingelesez nudge deritzona) Bestela esanda, behar bezalako eta adinako pizgarriak ezarri ahal ditu, eragile sozialekin adostutako xede eta konpromisoak betetzen direnerako. Modu horretara, eredugarri diren jarrerak babestu eta lagunduko lituzke Gobernuak, nolabaiteko saritze edo bultzatze horren bidez efektu biderkatzailea lortzeko asmoarekin enpresen artean. Enpresa diogu, azken finean enpresa bakoi-tza delako, bere berezitasunekin, zaindu eta babestu beharrekoa. Jakina, Gobernu kon-tzeptua darabilgunean, esangura zabalean hartu beharko litzateke, foru aldundiei dagozkien eskumenak ere aintzakotzat hartu beharko liratekeelako, eta, horrenbestez, horiek ere Gobernuaren egitekora bildu. Eragile sozialen egitekoari helduz, negoziazio kolektiboa lanabes moduan hartu eta akordio zabal eta malguak lortu beharko lituzkete. Bada, negoziazio kolektiboak berarekin dakar ziurtasuna lan-baldintzak zehaztean; langileen eta enpresaburuen arteko gatazkak bideratu eta arrazionaliza-tzea ahalbidetzen du, bake soziala nagusiaraziz; lagungarri izan daiteke aldaketa juridiko, ekonomiko eta sozialetara hobeto egokitzeko; eta nolabaiteko autogobernua ahalbidetzen du, enpresaburuek nahiz langileek onargarritzat har dezaketen lan-merkatu eredua sortuz.

Behin Lan Harremanetako Berme Sistemaren oinarriak ezarrita, horren edukiak jorratu beharko lirateke. Horrela, Gobernuak saritu eta bultzatu beharreko jarreren iturri formalak egituratzeak izan behako luke lehentasuna. Iturri horien artean, goreneko lerruna izan beharko luke lanbide arteko akordioak. Bada akordio horrek esparru akordioaren izaera izango luke, hau da, beheragoko esparruetan negoziazio kolektiboa egituratzeko ildo nagusiak jasoko lituzke. Halaber, posible litzateke gai zehatz batzuei begira, akordio horrek eduki jakineko akordioen izaera izatea, esate baterako, Preco-GEP eta Orpricce-Hkeapeo birmoldatzeko. Arean ere, bi tresna horiek eguneratuz gero, posible litzateke gaur egun sortzen diren gatazka asko (banakakoak zein kolektiboak) azkarrago eta hobeto konpontzea auzitegietatik kanpo, bai eta greba bezalako presio-bideak saihestuta ere. Negoziazio kolektiboa esparru desberdinetan egituratzea dela eta, helburu nagusia izan beharko litzateke enpresa eta langile guztiak unean uneko errealitatearekin bat datorren hitzarmen kolektibo baten aplikazio-esparrura biltzea. Horretarako funtsezkoa dirudi malgutasun handiz joka-tzea. Baina nola lortu malgutasun hori? Hasteko, lanbide arteko akordioan gai estrategikoak jaso beharko lirateke, gauzatu beharreko helburu gisa. Jarraitzeko, helburu horiek lortzeko ildo eta bideak askatasunez arautu beharko lirateke sektoreko hitzarmen kolektiboetan, halako bakoitzak dituen berezitasunak kontuan hartuta. Amaitzeko, kasuan kasuko sektorearen baitan adostutakoa ukitutako enpresa bakoitzean bete beharrekoa balitz ere, aldez aurretik zehaztutako inguruabar objektiboak kontuan hartuta, aukera desberdinak adosteko askatasuna legoke.

Bestalde, enpresa-taldeen errealitatea beren-beregi aitortu eta aipatu egituran halakoek izan beharreko lekua ezarri beharko litzateke. Orobat, sektore eta enpresa desberdinen arteko lankidetza bultzatu beharko litzateke, zerbitzu eta baliabide erkideak eratuz. Azken buruan, enpresa-taldeak eta sektore eta enpresa desberdinen arteko lankidetza mundu mailan lehiakorrago izateko baliabide aproposak izan daitezke.

Egitura horri estu lotuta, hitzarmen kolektiboen aurreraeragina dago. Behin alderdietako batek hitzarmen jakin bat salatuta, komenigarri litzateke horren aplikazio-esparruan unean uneko errealitatearekin bat datorren arauketa bilatzea. Horretarako bermeak ezarri beharko lirateke lanbide arteko akordioan, alderdi bakar baten negoziazio-borondaterik eza saihestu eta sor daitezkeen desorekak bideratzeko. Egitura horren haritik, arautu beharreko gaiak ugari izan daitezke. Baliteke deprimitutako zenbait sektorerentzako oinarri batzuk ere jasotzea, familia-etxeko langileei begira kasu. Orobat, bereizkeriarik ezaren eta berdintasunaren politikak zeharkakotasunez jorratuko lirateke gai guztietan, pertsona bera izan behar delako beti erdigune. Arautu beharreko gai zehatzei dagokienez, hona egoki izan daitezkeenak: (1) Kontratak, azpikontratak eta zerbitzu anitzeko enpresak. (2) Lan-denbora kudeatzeko moduak. (3) Kontratazio-politikak. (4) Ordainsarien ezaugarriak. (5) Lanbide-heziketarako politikak. (6) Lan-arriskuak prebenitzeko politikak. (7) Ingurumen-politikak. (8) 4.0 industria eta digitalizazio-politikak. (9) Borondatezko Gizarte Aurreikuspena hedatzeko politikak. (10) Laneratzeko zailtasunak dituzten kolektiboentzako politikak. (11) Enpresen nazioartekotasun-politikak. (12) Lan egiteko adinean zehar sor daitezkeen gertakizun desberdinei aurre egiteko politikak. (13) Euskara normalizatzeko politikak.