urtengoan, "amaren eguna" Maiatzaren 1arekin batera etorri da. Lanari lotutako amak, egin dut nire baitakoan, erkaketa. Eta bi lan etorri zaizkit burura: bata, esan gabe egiten den hori guztia. Bigarrena, Aita Santuak jakitera eman nahi izan digun bezala, gure bigarren amari, hau da, amaginarrebari zor dioguna. La Tarara antzezlanak eman dit zer pentsatua lehenbizikoan. Badira gauzak, emakume/ama batek egin behar dituenak, dio protagonistaren amak. Justiziaren paperaz ari da antzezlaneko ama, justizia ohikoak ama eta alaba guztien eskubideak eta ongizatea ez dituela bermatzen iradokiz. Eta, egoera horren aurrean, amak, bere esku hartu ohi duela justizia, hau da, bere alabarentzako onena ezezik, beharrezkoa dena egiteko deliberoa. Horrek, eragin edo ondorio izugarriak izango dituen arren amarengan. Badira, bai, lanak, ama batek bere bizkar hartzen dituenak, bereak bakarrik direlakoan. Sarri askotan, gizarteratu ezin daitezkeen uste okerrean.

Eta gero dator Aita Santua. Ulertzen ez duen eta esperientziarik ez duen eremu batean, erretorikarik merkeenarekin. Amaginarrebek eta errainek elkarrekiko izan behar duten harreman ereduaz hitzegitera. Isilean, errainei amaginarreben zaintza-lanak bizkarreratuz. Okerrik ezean, ordea, amaginarreba gehientsuenek dute semea, errainaren senarra, alegia, zaintza lanetan lehen pertsonan arduratu beharko luketenak. Edota badira suhiak ere, beren bigarren amez, hau da, amaginarrebez ere arduratu beharko luketenak. Baina hauen-tzat maiatzaren 1ak beste esangura bat du, agi denez.

Amabirjiñaren ustezko garbitasuna baizik aintzatesten ez duen elizaren gomendioak, emakumearentzako, lanaren (eta gizonaren) menpe iraunbiziaraztekoak dira. Azpian eta ahotsik altxatu gabe. Gaurko emakumeak ahotsa du ordea. Bai lana berdintasunean egin nahi duela aldarrikatzeko. Bai esperientziarik ez duten gizonengandik gomendioak jasotzeko ez gaudela salatzeko. Ez dugu ez dagokigun lan gehiagorik bizkarreratzerik nahi, eta are gutxiago, berdinei bezala hitz egiten ez digutenengandik.