spainako Ministro Kontseiluak maskarak kalean beti erabiltzearen beharra bertan behera utziko du uztailaren 24an; egun horretan bertan, agindutakoa betetzen bada, Gasteizko Legebiltzarrak pandemien kontrako legea onartuko du. Kontua da lege horrek osasun larrialdietan kalean babes sistemak (maskarak, musukoak: aukeratu gustukoena) erabili beharra arautzen duela. Kontraesana? Zer da txikikeria hori galaxia osoko autonomia zabalenean? Ohituta gaude, eta ederki dakigu zer gertatuko den: maskarak EAEko kaleetatik desagertuko dira.

Lagun bat harrituta gelditu zen esan nionean azken urte luze honetan izan ditugun zailtasunen artean maskara eraman beharra txikienetakoa iruditzen zitzaidala. Maskara kalean beti eraman behar ez izatea gustatzen zait, jakina, baina nostalgia moduko bat hasi naiz sentitzen: musuko-mina? Ni neu harrituta nago nire buruarekin. Lanean eta abarretan maskarak erabili beharko ditugu, gainera, eta komeria eta aitzakia berriak entzungo ditugu ("ez daukat", "etxean ahaztu dut"...) kexaka edo barreka jarraitzeko.

Ez dakit, agian beti pentsatu dut (batzuetan maltzurki, baina ez beti) maskarek neurri batean edertzen gaituztela, dotoretzen. Edo, gutxienez, berdintzen gaituztela, eta ez oso modu goxoan, maskarek gogorarazten baitigute uneoro gaixotu ahal garela, larriki gaixotu ere, eta hil. Baikorrek uste zuten berdinketa horrek gure arteko loturak sendotuko lituzkeela, elkartasuna indartsuago bilakatuko zela eta abar. Saiakerak egon badira ere, ez da horrelakorik gertatu. Berdinketa horren aurrean norberekoikeria nagusitu eta musukoetara ere iritsi da; garrantzitsuena bakoitzaren nia denez, maskarak esklusibo eta diseinuzkoak agertu ziren: "Eraman beltza", gomendatu zidan sailtzaile batek, "gehiago apaintzen du, eta ez zoaz jende guztia bezala". Dendatik atera eta maskara beltzak baino ez nituen ikusten.

Agian sakon-sakonean gero eta artaldeago garelako, gero eta gehiago nagusitzen da esparru guztietan ni-ni-ni-ni azaleko eta aspergarri hori. Azken hilabete hauetan niaren inflazio hori leundu da musukoak direla eta. Eskertzekoa izan da.