onostiako Egia auzoan gertatzen ari da. Tejeria kalean, hain zuzen. EHUko Arkitektura Eskolako ikasleek 2030ean jarri dute begia eta Donostiako hainbat auzo oinezkoentzako bakarrik prestatuz gero, auzo horiek nola eraldatuko liratekeen aztertu eta aurkeztu dute.

Horretarako, bi astez, Egia auzoko Tejeria kalean lo egiten duten kotxe guztiak lekuz aldatzeko eskatu dute (auzoko elkarte askoren laguntzari esker), kale osoa hustu duten arte, oinezkoentzako askatu duten arte, auzoko talde askotarikoek kalean beren lanak erakutsi eta ahal dituzten arte, tabernariek kalean mahaiak jarri ahal dituzten arte, dendariek beraien produktuak erosoago erakutsi dituzten arte, kalea Aitor ikastolako ikasleentzako patio bilakatu litekeela pentsatu duten arte, finean, kaleari beste bizi bat eman dioten arte.

Egon da, ordea, komunikabiderik, beti gauza guztien alde iluna besterik ikusten ez duten auzokide salatzaile eta purrustero horien hitz pozoituak jaso eta informazioa kontrastatu gabe argitaratu duenik, Tejeria kalean aurkeztu den etorkizuneko planteamenduak auzokideen onespenik ez duela esanez. Botere handia izan dezake kazetari batek goiburu bat idazte hutsarekin, irakurlea gai baten alde edo kontra jartzeko... Baina sinisgarritasuna ere erraz gal lezake kazetari berak, axalkeriz eta proposamenaren oinarri teknikoak kontuan hartu gabe idatzitako artikulu batengatik.

Beti egongo da auzokoren bat protesta egingo duena. Kotxea, bere etxe aurrean kieto prantatuta izan beharrean, beste leku batera eraman beharko duelako. Baina herritarrok gure herrietako auzoak biziberritzeko eta auzoak pizteko eskura ditugun tresna eta planteamenduei ezin diegu muzin egin. Aurrera egiteko datoz. Herritarron bizi kalitatea hobetzeko. Etxe zuloetatik atera eta kalea bizitzeko. Kaleak, sozializazio-sare jasangarri, iraunkor, orekatzaile, integratzaile, eta aktibitate eta ekonomia suspertzaile bilakatzeko...

Aldaketa gainean dugu eta denoi dagokigu. Has gaitezke gure kale-bizitza hipotekatzen duten kotxe horiek guztiak non gorde behar ditugun pentsatzen...