aristar asko ikusi nituen trenen zain Ipar Euskal Herrira eta Bretainia aldera ihes egiteko Paris itxi baino lehenago. Nora joango ziren? Guztiek senideko edo lagun bat al dute Baionan edo Saint-Malon? Guztiek al dute diru nahikorik bizpahiru aste hotel batean eman edo etxe bat alokatzeko? Telelana egiteko aukera al dute guztiek? Frantsesak eta alemanak ikusi ditut Arabako Errioxan baina Iruñean bizi den laguna ezin da Gasteizera bisitan etorri erkidego madarikatuak itxita daudelako. Madrilen edo Gran Canarian oporretan dauden frantsesak eta alemanak telebistan agertzen zaizkit lagun batek, azkenik, Donostiara aita bisitatzera joan dela kontatzen didan bitartean.

Gehienok bezala, dauden arauak zintzo-zintzo betetzen saiatzen naiz, nahiz eta arau batzuen logika eta arrazionaltasuna ezin inork azaldu, ezta Jonan Fernandezen aurpegi urkullutarrak ere. Europako agintariek ere ez dakite zer eta nola azaldu: alde batetik, Espainiako Erresumari errieta egin diote mugikortasun kontuetan koherentea ez izateagatik (erkidegoen artean ezin, baina beste estatuetara bai), baina, bestetik, adierazi berri dute ezin direla estatuen arteko aisialdi bidaiak guztiz debekatu (bide batez, Bruselak Espainiako Erresumari errieta ere egin dio adierazpen askatasuna dela-eta, baina hori ez da hain berria.) Uler-tzen dut hegazkinetan doan jendeari PCR eskatzea errazagoa dela errepideetan hara-hona dabilen jendea kontrolatzea baino, eta txertaketa erritmoa azkartzea baino errazagoa dela turista atzerritarren kontrako fobia gara-tzen uztea, mozkorrak besteak dira beti.

Nire susmoa da, azken finean, hau bezalako gaietan estatuek edo Europako Batasunak esaten dutena, agintzen dutena edo ezartzen dutena ez dela ezer lobby boteretsuek dituzten interesen ondoan. Eta turismoaren inguruan mugitzen direnak (hegazkin konpainiak, hotel kateak, ostalaritza enpresak, apartamentu turistikoen jabeak eta abar) oso-oso botere-tsuak dira, Europako taberna izateko bokazioa duten herrialdeetan, batez ere. Horiek zehaztuko digute nola ulertu behar dugun hau guzti hau.