uela egun batzuk, Andoni Egañari Berrian, Trumpen kasketaldiaren inguruko zutabea irakurri nion. Gaztetxoa zenean, baloi jabedunak eta ez jabedunak izaten zirela taldean aipatzen zuen. Eta jabedunak galtzen ez zekienean edo galtzea onartezina iruditzen zitzaionean, baloia hartu eta alde egiten zuela gogoratzen zuen Egañak, partida bukatu-tzat emanez. Trumpen kasketaldia ere tankeratsua zela argudiatzen zuen. Galtzen ez dakienaren baina, hala ere, baloiaren jabe sentitzen denaren portaera salatuz.

Andonik gogoratutako gertaera hark beste batera eraman ninduen ni. Gurean ere bazen lagun bat, andrakileta izugarri politak zituena. Bere etxera jolastera joatea paradisuan sartzearen antzekoa zen. Hala sentitzen ginen gu, bederen: amets egin genezakeen guztia zegoen han. Hala ere, gure lagun hau, despota samarra zen eta andrakiletak jolaserako uzten zizkigun, baldin eta berak esaten zuena egingo bagenuen.

Jolasean hasten ginenean, amuan jartzen zigun karnata hain goxoa izaki, men egiten genuen. Baina sarri askotan, eskatzen zizkigun azpikeriak gehiegizkoak zirela iritzita, amua ezpainetik atera eta itsasoan barrena aske joatea erabakitzen genuen. Orduan, haserretu egiten zen. Berak ezarritako arauak hautsi genituela esaten zigun eta etxetik kanporatu egiten gintuen.

Ez ginen sekula arau hausle sentitu. Bai, ostera, aske, etxetzar hartatik ateratzen ginenean. Ondoren, egunak egiten zituen gure lagun hark etxetik atera gabe, bere egia defendatzen. Ustez, bere andrakiletekin gozatzen, guk ez bezala. Orduan ere soma-tzen genuen gure lagun haren borrokak ez zuela deusetarako balio, ez bazen guri inbidia emateko. Berak, ostera, beretzat borroka hura garrantzitsua zela esaten zekien.

Orain konturatzen zara, zenbat borroka diren itsuak, nor bere berekoikeriatik ateratzea interesatzen ez zaienek mantentzen dituztenak, beren marfilezko dorreetan gotortzen direnak eta delako borroka beren bizitza-argudio bilakatzen dutenak, egitan, beste inori axola ez zaizkionak.

Bizitza horiek, tamalez, borroka itsuak dira.