inneapolisko hiriak Polizia Departamentua desegin nahi du. Albistea harrigarria da benetan. Kontua apur bat ikertu eta gero, harrigarriagoa da zenbat gastatzen duen hiri horrek Polizia Departamentuan eta zenbat gastatzen duen etxebizitza edo osasun programetan. Adibide bakar bat: poliziarako dolar bateko, lau zentimo langabeziaren aurkako ekimenetan. Desberdintasunak desberdintasun, eta hauteskunde kanpaina hastear dagoela EAEn, gustatuko litzaidake jakitea zer pentsatzen duten gure alderdiek kontu honi buruz, poliziari buruz, poliziei buruz, gure kasuan. Ezaguna da hemen, Hego Euskal Herrian, polizia asko, gehiegi, dagoela: estatistikek diote Europan ez dagoela hainbeste polizia duen eskualderik. Atzerrian pixka bat ibili denak badaki zertaz ari naizen.

Badago Guardia Zibila hemendik lehenbailehen ateratzea proposatzen duenik? Lehen aldarrikapen ohikoa zen hori; orain ez dakit horixe bera pentsatzea (eta idaztea) delitua izan daitekeen. Ez nintzateke harrituko. Azken finean guardia zibilak dira koronabirusaren krisialditik soldata igoerarekin atera diren bakarrak (Gipuzkoako Aldundian lan egiten dute goi karguak kenduta, jakina). Hori ere elkartasuna izango da agian, lehendakari jauna. Soldata igoerarekin eta betiko txosten fikziozko horiekin. Baina, benetan, harritu al da norbait Guardia Zibilak egin berri dituen txosten horiekin? Zer gertatuko da Polizia Nazionalarekin? Sindikatu hitza zikintzen duen hooligan talde horri jaramon gehiago egingo al diote? Zer gertatuko da Ertzaintzarekin? Kasu ilunak (Iñigo Cabacas) luzatu eta estaltzen segituko al dute? Zer gertatuko da udaltzainekin? Herritarrak beldurtu eta mehatxa-tzen segituko al dute, Gasteizko Alde Zaharrean itxialdian egin duten bezala?

Badirudi belauna lepoan jartzeko maniobra hori arrunta dela polizia guztietan. Fran-tzian debekatu behar dutela irakurri dut. EAEn ditugun polizia horietan guztietan erabiltzen al da?

Asko ikasiko dugu aurtengo hauteskunde programak irakurtzen, hitz potoloen atzetik zer esan nahi den arretaz aztertzen bada behintzat.