andemiaren haize gogorrak gauza asko jo eta eraman ditu berarekin, eta ez dakigu oraindik bukatu den ala apaingarri gehiago aterako diren hegan inoiz ez bueltatzeko, zeren pandemiaren haizeak eraman duena, batez ere, apaingarria izan baita; beharbada lehenago ez ginen kontura-tzen, beharbada lehenago uste genuen orain hegan atera den hori ongi lotuta zegoela, funtsezkoa zena, oinarrizkoa. Baina ez: dekoratua hegan atera da eta horma biluziak dira orain begi aurrean ditugunak. Espainiako Erresumatik hegan atera dira autonomia guztiak, aldebikotasunak, nazio foralak, negoziazio mahaiak eta abar, eta gelditu zaigu funtsezkoa, onarrizkoa, aldaezina: erregea, Madril, probintziak eta polizia.

Erregea, eta ez bat bakarrik, gainera. Bi. Soldaduz janzten dena, maskara ondo jarrita (beharrezkoa ez zenean ere, maskarek segurtasun faltsua eskaintzen dutelako eta abar), eta artista eta kirolari aulikoekin bideodeiak egiten dituena. Eta bestea, erretiroa hartu zuena, diruz beteriko maletekin harat-honat ibili dena.

Madril: han gertatzen dena edonon gertatzen da; euria egiten badu han, aterkia atera beharko dugu hemen. Hango ospitaleak eta presidenteak eta alkateak eta kazetariak. Hango datuak. Hango kutsadura. Hango kaka.

Probintziak: ez dira inoiz joan, baina indartsu agertu zaizkigu berriro ere. Probintziak, leku ilun eta urrun horiek, euliz beterik. EAJ ez dago kezkatuta probintzien kontuarekin, EAJk probintziak maite dituelako (baita oposizioak ere). Gogoratu EAJk garai modernoetan izan duen zatiketa bakarrak probintziekin zerikusia izan zuela. Ados, hemen ez dugu probintziarik, hemen lurralde historikoak ditugu, baina denok dakigu zertaz ari garen; lurralde historikoz jantzi arren, probintziak beti probintzia.

Polizia: nazionalak, goardia zibilak, ertzainak, udaltzainak. Eta armada. Batzuetan aurpegi atsegina jartzen duten arren, poz-pozik dabiltza kaleetatik egun-onak edo isunak banatzen. Jon Iñarritu diputatuak berak arazoak izan bazituen, ez dut pentsatu nahi zer-nolako arazoak izan dituen Gasteizko Alde Zaharreko txoko batean identifikatu-edo egin duten azken herritarrak.