Zirrikituetatik begira

Zero puntua

04.05.2020 | 01:37
Zero puntua

askatasuna. Askatasun sentsazioa izan da igaro berri dugun asteburu honetan, egokitutako orduetan kalera atera ahal izan dugunean, entzun dugun hitz magikoa: askatasuna.

Argi dago, hitzek, testuinguruaren arabera, konnotazioaren ibarrean mugitzeko ahalmena dutela, eta oraingoan, "askatasuna" hitzak, adiera guztiak barne bildu ditu bere baitan. Jendea preso sentitu izan baita etxean. Preso ezagutzen ez dugun gaixotasunaren aurrean eta jasotako arau uholdearen menera kokilduta.

Orain, datuen arabera, egoerak onera egin duela dirudi eta, haatik, gara aske (edo). Ba-tzuek, punturik okerrenean egon ondoren lehenera bueltatzeko tenorea heldu dela ulertu dute, baina beste batzuentzako, orain infernu berria hasten da. Hau da, COVID-19 egoerari aurre egiteko abian jarritako moldaketa eta hartutako erabaki guztiak berriro, banan bana, desegituratu behar dira eta, egoeraren larritasuna ahaztu gabe, ustezko normaltasun batera bueltatzeko saiakera berri bat egin behar da.

Hau guztia, ordea, ez da lehenagoko zero puntura bueltatzeko izango. Jada, lehenagoko erreferentziek ez dute balio. Beraz, deseskalamenduko faseak ez dira normaltasunera bueltatzeko, oraindik asmatzeke daukagun bestelako egoera bat erdiesteko baizik.

Kalera ateratzen hasi gareneko une honek beste bi hilabeteko fase berri bat irekitzen digu (eta gero ondotikoak), zeinetan, data berrira egokitutako estrategia eta kudeaketa planak aztertu eta berregituratu behar diren, jakinik zerotik aldendutako eta orain asmatu ere egiten ez dugun beste distantzia batera dagoen jomuga bat izango dugula helburu.

Horretarako, orain arte egindako lanaren bikoitza geratzen da egiteko eta orain arte izandako kemenaren bikoitza edo hirukoitza beharko da.

Hasi berri dugun fase hau, bada, askatasun fasea baino areago dela esango nuke arduraz, inteligentziaz eta ausardiaz jokatzeko fasea, zeinetan etorkizuneko zimenduak zehaztuko diren, eremu politikoan, ekonomikoan, sozialean eta kulturalean.

Orain da aurreko zero gune hura gainditzeko eta haratago joateko bidea egiteko garaia.