Zirrikituetatik begira

Paradoxak

08.04.2020 | 01:20
Paradoxak

Aitortu behar dizuet orain, galtzeko denbora gehiago dudanez, egunero bilatzen dudala egunkarietan Israelgo Osasun ministroaren osasunari buruzko albisteren bat. Azken egunetan ez da ezer agertu, eta kezkatzen hasi naiz. Ultraortodoxo horietako bat da Yaakov Litzman ministroa, bere partiduaren izena Toraren aldeko Judaismo Batua da. Litzman jaunak koronabirusaren proban postibo eman du orain dela gutxi, baita emaztea ere. Gauza da, ez oso asalpadi, adierazi zuela homosexualen errua zela gaixotasun berria, ez zela ezer egin behar gaixotasunaren kontra, jainkoa eta mesias kontuaz arduratuko liratekeelako, eta ez zirela sinagogak itxi behar. Zer pentsatuko ote du orain, kutsatu ondoren? Koronabirusarekin batera homosexualitatearen harra ere erraietan duela? Emaztearekin zera zeratzen ibiliko da egun santu osoan (santu judua, noski), homosexualitatearen mamua ahalik eta urrutien mantentzeko? Ea sendabidean dagoen (ez naiz hain gaiztoa). Ai, zenbat paradoxa, zenbat kasualitate, zenbat patu koronabirusa dela eta!

Boris Johnson ospitalean da, Zainketa Intentsiboetan. Erresuma Batuko lehen ministroak itxialdi estuen kontrako jarrera izan zuen hasieran, haren ustez, brexitarenondoren, ekonomia gehiegi behartzea izango baitzen jarduera ekonomiko guztiak etetea (nori entzun diot nik hori euskal oasi honetan?). Geroago, gaixotasunaren errealitatea ikusita (kutsatu kopurua, hildako kopurua, osasun sistema publikoaren beharrak eta ahuleziak), neurri gogorragoak hartzea ezinbestekotzat jo zuen. Ea sendabidean dagoen (ez naiz hain gaiztoa). Ai, zenbat paradoxa, zenbat kasualitate, zenbat patu koronbabirusa dela eta!

Kontuz ibili beharra dago koronabirusarekin, eta ez naiz eskuak garbitzeari buruz mintzatzen ari; esandako ergelkeriak, boteprontoan botatako txantxak, bideo dibertigarri-edo batzuk begien bistan geldi daitezke berehala, oso erraz eta ez onerako. Norberak bere ardura du, jakina: osasun ministro edo lehen ministro batenak handiagoak dira. Eta, benetan, ea Litzman eta Johnson jaunak sendatzen diren (ez naiz hain gaiztoa).