Zirrikituetatik begira

Hau bitartean

01.04.2020 | 00:22
Hau bitartean

Ez dakit zenbat aldiz entzun edo irakurri dudan azkenaldian "hau buka-tzean" leloa, segidan entzun edo irakurtzeko den-dena hobea izango dela balizko geroaldi horretan, baikortasuna gailentzen baita kasu gehienetan. Aurreko zutabe batean ezkorren artean kokatu nuen nire burua: ez dut uste jendarte bezala orain arte ikasi ez duguna ikasiko dugunik "hau bukatzean". Gainera, uste dut "hau bukatzean" zer gertatuko den asmatzea ondo dagoela jolas moduan, arratsalde gero eta luzeagoak ahal bezain ongi emateko filosofo edo soziologo batzuen burutazioak irakurtzen, baina beharbada interesgarriagoa izango litzatekeela aztertzea "hau bitartean" zer gertatzen ari den, gure begien aurrean duguna, alegia. Adibidez, badirudi asko eta asko konturatu direla "hau bitartean" jendea hilkorra dela. Ez dakit horrelakoak non egon diren orain arte, zein mundutan bizi izan diren, baina ongietorri beroena eman nahi diet errealitatera: bai, heriotza hor dugu guztiok. Aholku bat: egin berri duzuen deskubrimenduaz ez duzue zertan artikulu luzerik, ezta laburrik ere, idatzi behar, mesedez.

"Hau bitartean" asko eta asko konturatu dira gure Euskadi maitea, EAE, jakina, ez dela, hamaika bider entzun dugun bezala, munduan autonomia handiena duen eskualde megahistorikoa (fantasia azkar erori da); era berean, hitz polit asko (aldebikotasuna, subiranotasun partekatua, nazio forala, adibidez) politak direla benetan, eta luzeak, baina hutsaren hurrengoak funtsean. "Hau bitartean" asko eta asko konturatu dira demokraziarena erraz desager daitekeen dekorazioa dela, agintariek uste dutela eskubideak eta gauza horiek ez direla benetan beharrezkoak bizitzeko. Poliziaren gehiegikeriak, kontrola... Hungaria aurrera doa kontu hauetan, han prozedura demokratikoak desagertu dira praktikan. Europako Parlamentuko batzorderen batek protesta gutuna bidali eta beste erakunderen batek ere zerbait idatzi du. Ezer ez. Hungariako gobernuak nahi duena egingo du eta kito. "Hau bitartean" asko eta asko konturatu dira Confebask dela gure gobernu benetakoa, eta bestea horren ordezkariak. "Hau bitartean" errege biluzi asko ikusten ari gara.

Más información