Ziritik

Zelata

23.04.2022 | 23:54
Zelata

hauskortasun-sentipen artegagarria eragiten du edonor geureak bakarrik behar luketen guneetara aise sar daitekeela jakiteak. Txakurra, alarma eta segurtasun-sarraila oztopo hutsalak lirateke ohoinen bati gure etxean gauza baliotsuren bat aurkituko lukeela begitanduko balitzaio. Baditugu, bai, gauza balio-tsuak: ilusioa, goxotasuna, familia-proiektu bat, bizipenak, oroitzapenak... Alegia, Wallapopen salmenta zaileko gauzak. Ikara eragiten du, halaber, edozein lapur kaxkarrek gure mugikor eta ordenagailuetako datuak erraz ebats litzakeela jakiteak. Nahieran gaindituko lituzke gure gako eta antibirusak, inguruan mila mokadu hautemango ez balitu gurea baino asegarriagoak.

Ohoin, lapur, ebasle, iruzurgile... gaiztaginez ari gara. Bestelako zein izen dagokio segurtasunaren izenean hautetsien datuak eta komunikazioak zelatatzen dituen estatuari? Nor dago mehatxu horretatik libre estatu horren zimendu ez beti demokratikoak demokratikoki dardararazteko ausardia eta ahala izan dutenen artean? Nola fida eskubide-estatuaz estatuak berak eskubideak lapurtzen dizkizunean?

Pegasus sotfwarea mila saretan barna dabil, hegodun zaldi mitologiko hilezkor baten gisan. Estatuek dute kudeatzen. Espainiakoak ez luke beharleku makala monarkiaren amarruak ikertzen edo segurtasun indarren torturak argitzen, baina horiek egituraren baitako jardunbidetzat onartuak ditu, antza. Zelatatu beharrekoak beste ba-tzuk dira; erreferendum bat sustatu eta antolatu duten hautetsiak, esate baterako. Zelatatuen zerrendako kide izateak ez luke lotsa behar, ohore baizik. Eta zerrendan ez dauden indar independentistek pentsatu beharko lukete agian ez dituztela behar beste inarrosten estatu horren zimenduak. Eta egitura hori, oso usteldua egonagatik, ez da berez eroriko.

noticias de noticiasdegipuzkoa