Ziritik

Estigmatizazioa

23.01.2022 | 07:47
Estigmatizazioa

Arduradun politikoek herritar ororen eskubideak babestu beharko lituzkete. Beren eskumeneko eremuan baztertutakorik balitz, haiek gizarteratzeko ahalegina dagokie, beste gizarte-talderik ez zokora-tzeko oinarriak jartzeaz gain. Estigmatizazioa areagotzen duen herri-ordezkariak ez du herria ordezkatzen, gizarte-kohesioa eta elkarbizitza zapuztu baizik.

"Delituak egiten dituzten pertsona ia denak ez dira hemen jaioak" esan du Enrique Maia Iruñeko alkateak. Ez du kopururik eman, ez ehunekorik zehaztu. Braust bota du, besterik gabe; atzerritarrenganako gorrotoa eta aurreiritzi oinarririk gabeak espresuki hedatu ditu. VOXek ordezkaririk ez du Iruñeko Udalean –ezta Nafarroako legebiltzarrean ere–, baina Navarra Sumak bere gain hartu ditu eremu ideologiko horren argudio eta estrategiak, zorabioa eragiteko moduko biraketarik egin beharrik gabe.

2021. urtean 522 espediente tramitatu zituen Nafarroan Adingabeen fiskaltzak. Horietarik 99 ziren migratzaileen aurkakoak. Iaz tramitatutako auzi guztiak kontuan hartuta, ostera, %0,3 dira adingabe migranteen aurkakoak. Milatik hiru. Horiek dira datuak, baina daturik gabe edonori eraso egiteko erreparorik ez duenari azkurarik ere ez dio egiten datutan oinarritutako erantzun arrazoituak. Beldurraren eta aurreiritzien estrategian sakondu nahi duenak beste helburu batzuekin dihardu. Maiak ez dio jaramonik egingo datutan oinarritutako arrazoibideari, eta hark xede zuen eremu ideologikoak ere ez. Helburua lortu dute.

Iruindarren artean badira bizikidetzaren-tzat kaltegarri diren pertsonak. Batzuk, egia da, kanpoan sortuak dira. Bat alkate dago.

noticias de noticiasdegipuzkoa