eknologiak mundua hainbeste uzkurtu duenetik -munduko edozein bazterretako gertakarien berri sakelako telefono baten bidez eman daiteke une berean- berez oso urruneko eta arrotz behar luketen berriek ere nabarmen erasaten digute. Amerikako Estatu Batuak ditugu oraindik ere berri-sortzaile nagusi. Minutu gutxiren buruan heltzen zaizkigu, esate baterako, hango eskoletan hain ohikoak diren tiroketak. Zenbait faktore aipa daitezke logikaren eta gizarte-azterketaren ikuspegitik: gizarte gero eta indibidualistagoa, sare sozialek bullyingerako ematen dituzten erraztasunak, ikus-entzunezko eta bideo-jokoen bidez hedatzen diren mezu bortxaz beteak, armak erostea platanoak erostea bezain normaltzat hartzen duen jendarte baten sukoitasuna... AEBetan milaka eta milaka eskola daude, beharbada tiroketen maiztasuna ez da noizbehinkako eraso basatiek pentsaraz dezaketen bezain larritzekoa, baina izua eragiten digute. Are gehiago han lagun min batzuk eta hainbat ezagun ditugunoi. Ezagutzen dut familia bat astea bizilekutik ordu eta erdira duten eskola baten inguruko etxe batean pasatzen duena. Ez eskola-ereduagatik, hurbilago dituztenetan gutxieneko segurtasun-baldintzarik hautematen ez dutelako baizik.

Andoain ez da Memphis; EHUn tiroka sartu zen gaztea ez da Hitlerren miresle, 1999an Colorado estatuko Columbine herriko eskola batean hamahiru pertsona hil eta beste 24 zauritu zituzten Dylan eta Eric gazteen moduan; haiek bullyingaren biktima izan ziren eta ahalik eta sarraskirik handiena eraginez hartu nahi zuten mendeku, gazte andoaindarraren eroaldia zerk sortu duen ez dakigu; haiek jendea hiltzea zuten helburu, honek erakundearekiko haserrea azaleratzea; alabaina, han bezala hemen, ia platanoak bezain aise eskura daiteke eskopeta bat.

Asterik aste inguruan egokitzen zaizkigun zorigaitzekin -zenbat jende ari den bere buruaz beste egiten...-, gero eta bistakoagoa da gizakion zaurgarritasun eta ahultasun emozionala. Hiltzeko armen eskuragarritasuna askoz zorrotzago zaintzeaz gain, herritarron osasun mentala jagoteko armak ere eman behar lizkiguke sistemak.