Egunotan asko oroitzen ari naiz Joxemari Aranaldez. Egunero dozenaka lagun agurtzen zituen, ganoraz agurtu ere: gizasemeei bostekoa, emaztekiei eskuan muin. Asko kostako zitzaiokeen urruntasun honetara ohitzea. Badugu beste lagun min bat, Leire, arau berriok eman zituztenean gustura hartu zituena. "Niretzat ezin aproposagoak dira", esaten zigun hasieran, "badakizue ni antisozial hutsa naizela, ez ditudala gustuko muxu eta besarkadak, eta askoz erosoago nabil arauokin". Guk ongi dakigu ez zaizkiola muxu eta besarkadak gustatzen, ez dela zurikeria zalea, baina lehorra izatea ez da antisozial izatearen sinonimo, ezta hurrik eman ere. Leire medikua da, eta aspaldiko egunetan leher eginda dabil, koronabirusak eragindako egoerak gaindituta, gizarteari emana. Atzo urteak zituen. Badakit ezin izan zuela jaso gehien behar duen oparia: bi aste baino gehiagoan ikusi ez dituen bi semetxoen muxuak eta besarkadak. Xabier Mantxola irakaslea da. 40 urtez aritu da maisu, 22 Zarauzko Orokietan emanak. Ikasleek biziki maite dute, gogoan dut zein gustuko zuen Atoumane senegaldarrak ere. Datorren ostirala izango du Xabierrek azken laneguna, merezitako erretiroa hartzeko tenorea iritsi zaio. Zorigaitzez, ikasleek ezin izango diote besarkadarik eta eskerrik eman azken egunean, haurren bertsorik eta oparirik gabe joango da. Bertso saioetan bezala, agur guztiak dira garrantzitsu, hasierako zein amaierakoak. Egunotan hiltzen ari direnen senitarteko eta lagunek, galeraren min zorrotzaz gain, galdu dutena behar bezala agurtu ezinarena izango dute, hain maite zutena etxekoen arnasarik gabe joan izanarena. Eta dolua festa bezain beharrezkoa izan.