elokotoiaz ari garenean, zertaz ari garen azaldu nahiko nioke nire alabari. Eta zer da ba melokotoia? Ez dakit gogoratzen duzuen El Fary abeslariari behin egin zioten elkarrizketa bat. Bera beste emakume batzuekin ibili bitartean, bere emaztea etxean zuela gogoratu zion kazetariak eta emazteak guzti hori zelan zeraman galdetu zion. Emakumeak asko errespetatzen zituela eta emakumeak munduko gauzarik politena zirela argi utzi ostean, bota zuen perla: "Mi mujer ya sabe de qué va el melocotón".

Melokotoi horretaz ari naiz. Nire alabari kontatu nahiko nioke melokotoi horren zuku likatsuak dena zikintzen duela: zoru batzuk itsaskor bihurtzen ditu, ohe batzuk kartzela, bulego batzuk umiliazio-agertoki eta bideo-joko, iragarki eta kontsumo-produktu asko emakumeen gorputzen aurkako indarkeriaren erakustaldi.

Emakume jaiotzeagatik bizitzak berarentzako prest dituen tranpa guztiez ohartarazi nahiko nuke eta bere ametsen kontrako iner-tzia indartsu horri aurre egiteko hitz egin nahiko nioke bere balioaz, ahalmenaz, potentzialaz. Maitasunaz gozatzera animatu nahiko nuke, baina argi edukita inork ezin dituela bere eskubideak eta askatasuna murriztu maitasunaren izenean. Kontatu nahiko nioke jada bere adinekoen mugikorretatik dabiltzan sexu eszena horiek, emakumeekin hain bortitzak eta iraingarriak direnak, ez direla errealitatea eta sexua gozamen partekatua izan behar dela, ez bata bestearen gaineko boterea erakusteko tresna, eta ez duela inoiz nahi ez duen zerbait egin behar. Ohartarazi nahi nuke instagramer efektuaz, bereziki neskengan eragin hain kaltegarria duenaz, mugarik gabeko antsietatea sortzen dielako argazkietan beti ederrak, argalak, zoragarriak agertu behar izateak. Konbentzitu nahiko nuke bere azazkalak, bularra eta zilborra ez direla bere garun, izaera edo ahalmenak baino baliotsuagoak. Beti beste pertsonak kontuan izaten irakatsi nahiko nioke, baina, aldi berean, bere autonomia defendatzen, erabakiak askatasunez hartu ahal izateko.

Horixe ba. Melokotoia zer den kontatu nahiko nioke norbaitek Faryren erara kontatu baino lehen.