ehen askotan bukatzen zituen mezuak esaldi honekin: "Beste edozer behar izanez gero, eskatu lasai". Aspaldi ez du halakorik erabiltzen mezu elektroniko bat erantzuten duenean. Jada ez du idazten bukaeran "eskatu lasai", "beste zerbaitekin laguntzerik baldin badaukat"... Aspaldi itxi zituen ateak. Eta leihoak. Nekatuta dago beti besteen eskariak betetzeaz eta orain mezuak "ondo izan" neutro batekin ixten ditu.

Nire lagunaren adibidea bueltaka daukat buruan irratiko tertulia bat entzuten ari naizen bitartean. Auzoei buruz ari dira: jada ez dago "auzo" kontzientzia, dio haietako batek. Eta garai bateko auzoak gogoratu ditu. Denak elkar ezagutu eta neurri handi batean elkar laguntzen zuten espazio haietan. Ohikoa zen auzokidea ate aurrean agertzea azukrea edo gatza eskatuz, adibidez. Gure etxean barre asko egin ditugu aitak kontatzen zuen pasadizo batekin. Normalean atea jotzen zutenean nire amak irekitzen zuen, baina behin auzokideak atea jo eta aitak ireki zion. Orduan andreak galdetu zion: "No tendrás un par de huevos, Joseba". Hori esan eta berehala gorritu zela kontatzen zuen aitak barreari ezin eutsita. Egia da garai hartan auzokidearen figura garrantzitsua zela. Gu umeak ginela, adibidez, askotan geratzen ginen auzokideen etxean amak errekaduak egin bitartean. Inon idatzita ez zegoen halako elkartasun itun bat zegoen haien artean, elkar zaintze bat. Orain, nahiz eta eraikin berean bizi, ez dugu elkar ezagutzen. Ateak itxi ditugu nire lagunak bezala. Gero eta nukleo txikiagoak eta itxiagoak sortzen joan gara. Nik ia ez ditut nire auzokideak ezagutzen. Hala ere, esan behar dut gauzak pixka bat aldatu direla azkenaldian. Azken aste honetan, Amazoneko bana-tzaileak hiru pakete utzi ditu nire etxean une horretan etxean ez zeuden hiru auzokide ezberdinentzako. Atzo haietako bat paketearen bila etorri zenean, nire aita imajinatu nuen, barrezka, auzokideak ea "pakete" bat duen galdetu diolako. Batek daki. Agian Jeff Bezosi esker hasiko gara garai bateko auzoak eraikitzen berriz ere.