itzek esanahi ezberdinak hartzen dituzte garaiaren arabera. Adibidez, Espainiako erregea Afrikan ehizan harrapatu zuten garai hartan, elefante hitzak, bat-batean, beste zentzu bat hartu zuen, beste karga bat, lehen ez zuen zentzu erantsi bat. Elefante hitza esatea, egun haietan, ziurrenez debekatua egongo zen zenbait ingurunetan. Batzuetan hitzek zentzu bakarra dutela sinisten dugu, baina inguruaren arabera, garaiaren arabera, eta baita alboan dituzten beste hitzen arabera, dena aldatu daiteke.

Berdin gertatu da atzerria hitzarekin. Esan diezaiotela bestela TVEn kargutik kendu duten kazetariari Espainiako Leonor printzesa atzerrira ikastera doala jasotzen zuen albistean Leonor se va al extranjero, como su abuelo errotuloa idazteagatik. Extranjero eta abuelo hitzek batera, kasu honetan, zentzu berri bat ematen diote hitz bakoitzari.

Burbuila hitzarekin ere gertatu da. Zenbat aldiz esan diogu elkarri, lankide edo familiakoei, pandemia hasi zenetik: lasai, gu burbuila berekoak gara. Eta bat-batean, burbuila hi-tzak, lehen umeek ura eta xaboiarekin egiten dituzten burbuila horien irudia hartzen zuenak geure buruetan, beste zentzu bat du. Bat- batean, burbuila esan eta denok dakigu zertaz ari garen, familia, lagun, lankideek sortutako tribu txiki horietaz ari gara. Inork ez digu azalpena eman behar. Zentzu berria airean dago, Blowing in the wind, Dylanen hitzak eta musika bezala.

Eta hitzekin gertatzen den bezala, gertatzen da baita ere gure eguneroko ekintzekin. Gure mundu intimoenean ere gertatzen eta egiten ditugun gauzek ez dute zentzu bera beti, inguruak agintzen baitu euren zentzua, eta baita askotan geure erabakia ere. Izan ere, gure burbuila horien barruan egiten duguna oso intimoa dela iruditzen bazaigu ere, guztiz baldintzatua dago erabaki hori zeharkatzen duten kanpoko hainbat faktoreengatik: bizi dugun garaia, gure herrialdea, gure estatus ekonomiko eta soziala, gure generoa€ Nahiz eta askotan horrela sentitu, gure burbuila ez dago mundutik isolatua.