oizeko zortziak. Autoan, semaforoan geldituta. Inguruko autoetara begiratu eta han ikusten dituzu gizon-emakume ezberdinak, bakoitza bere autoan sartuta, bakoitza bere arazo eta kezken atmosferan murgilduta, begirada galduta denek urrunean. Batean, gizon bat, atzamar artean duen zigarroaren kean bilduta, bere enpresaren galerak buruan, kezka aurpegiaz; bestean, emakume bat, gaur ospitalean atenditu beharko dituen kasuak atzokoak baino larriagoak ez izatea desiratzen€ Zebra-bidetik igarotzen ari den gizona, galdu berri duen amak utzi dien egoeraz kezkatuta: zer egin orain aitarekin, nork atendituko du, zahar etxe batera eraman beharko dute, justu orain, gauzak dauden bezala?; motorrean pasatu den gazteak kaskoaren barruan bere maitalearen ezezkoa du bueltaka; gaur bai, gaur deituko dit, pentsatzen doan emakumea, bere maitaleak azken hilabetean dei bakarra ere egin ez diolako minduta; hilabete honetan laugarren lan elkarrizketa egitera doan emakumea; krisia dela eta laster lanik gabe geratuko den beldur den gizona; etxera bueltatzeko beldurra duen emakumea, etsaia etxe barruan duelako€

Bakoitza bere kezka eta beldurretan murgilduta, edozein egunetako goiz batean. Eta hau ikusita pentsatzen duzu ez dela hain arraroa jendeak zerbaitetan sinisteko duen beharra. Maradona aukeratu dute batzuek, eta Jainko bihurtu, aste honetan ikusi ahal izan dugun bezala; beste batzuek erlijioari heltzen diote egunero, eta han bilatzen dute itxaropena; badaude proiektu bati, helburu politiko bati, hizkuntza baten salbazioari, egoera ahulenetan bizi diren pertsonen laguntzari... Euren bizitza eskaintzen dieten pertsonak. Azkenean, zerbaitetan sinistu beharra daukagulako. Azkenean, gure kezken auto barruko atmosfera propio horretatik irten ahal izateko zentzuren bat bilatu behar diogulako eguneroko bizitzari. Eta hori da, hain zuzen, bizitzan zailena, konplikatuena. Zentzu bat ematea geure bizitzei. Gure hu-tsune guztiak beteko dituen arrazoi bat aurkitzea, goizero jaiki eta aurrera egiten segitzeko.