Gaztelaniaz badago esaera bat esaten duena, irainduz gero zerbait geratzen dela. Zarata eta nahasmendua bai bederen. Edo, gutxienez, zalantza. Zarata sortu nahian abiatu ditu PP alderdiak euskararen aurkako kanpaina edo mezuak. Gezurraren gainean eraikiak. Baina beren eragina dutenak, biztanlego jakin baten inguruan.

Zaila da azaltzea elebidun batentzako, elebakarraren beldurraren funtsa. Zaila egiten zaio elebidunari imajinatzea, etxe barruko iragarki taulan ohar elebakar batean uraren giltza itxi behar dela jar-tzen badu, norbait uraren giltza itxi gabe gera daitekeenik. Edo erakunde publiko batek igorritako lanpostu baterako iragarki elebakarra argitaratuz gero (legearen arabera elebidunak izaten diren arren) norbait, arrazoi horregatik, lanpostua lor-tzetik at gelditu daitekeenik.

Zaila da azaltzea elebidun batentzako, Euskal Herrian jaio edota Euskal Herrian bizitzen urteak daramatzaten pertsonak, nola ez diren gai ohar elebakar sinple bat (hala izanda ere) ulertzeko. Edo eta nola ez diren gai, ustez, ele batean bakarrik idatzita dagoen ohar baten inguruan, zer jartzen duen jakiteko itzultzen saiatzeko edo elebidun bati galdetzeko.

Zaila da elebidun batentzako ulertzen, musika obra bat aurkeztu behar duten bi aurkezlek, batak zati bat aurkezten duenean euskaraz (bakarrik) eta besteak beste zati bat gaztelaniaz (bakarrik), nola euskaraz jardun duenari, bere zatia itzultzeko eskatzen zaion publikoki.

Zaila da elebidun batentzako elebakarren eskubideak ustez noiz urratzen diren asmatzea, elebidunari, bere eskubideak aplikatzen ari den bakoitzean, arreta dei-tzen zaionean.

Elebidunak ez du elebakarraren bazterketa helburu. Bizi dugun diglosi egoerak, gainera, ez du halakorik erraztu ere egiten.

Baztertua ez izateko, elebakarraren eskubideak erreibindikatzeaz gain, ariketa ona da, bestearengana ere hurbiltzeko saiakera egitea. Bestea ere ulertzeko keinuren bat egitea. "Ikasi" eta "ulertu" aditzek zer esan nahi duten jakitetik hastea ez legoke gaizki.