Ikastola mundura! Hauxe atzo Zarautzen izandako Kilometroaken leloa. Askotarikoak izan ziren bertan aldarrikatutakoak: hezkuntza lege berri bat, gaurkotua, gaurko ikastolei eta gizarteari erantzungo diona, edota auzolanean ekinez jarraitzea, euskaldun egiten gaituzten euskara eta euskal kultura transmititzen jarraitu ahal izateko. Asko izan ziren baita eskertutako lantaldeak (instituzioetatik hasi eta herriko elkarterik txikienerainokoak) eta txalotutako lorpenak.

Etorkizunaren gainean egindako argazkia, ordea, landutako bidearen adinakoa. Euskal kultura eta balioen transmisioan somatutako geldiuneak (30 urte atzera egin izanaz hitz egin zen), gure gazteen euskara ezagutza eta kalitatearen ahultzeak, eta etorkizun hurbilerako demografia datuek jaulkitzen dituzten zenbaki kezkagarriek, atzerritik etorritako ikasleen integrazio beharrak ahaztu gabe, ikastolen egitekoaren garrantzia agerian utzi zuten.

Kilometroak ekimenari dagokionean ere, aro zaharreko azkena izan omen zen atzokoa. Halaxe iragarri zuen Kilometroak kultur elkarteko lehendakariak, Nerea Artola andreak. 2020tik aurrerako Kilometroak parte hartzaileagoak izango omen dira, antolakuntzatik bertatik hasita; formatu txikiagokoak, baina ikastoletan sustatzen diren balioei areago erantzungo diotenak.

Eta auzolanaren garrantzia aipatu zen behin eta berriro. Elkarrekin eta elkarren-tzako lana egitearen inportantzia azpimarratu. Euskara bezain gurea den balioei indarrean eusten jarraitu beharra. Bolondres egin izan den eta egiten den lana aupatu zen baita ere. Bihotzez eta bihotzerako egiten den beharra, zeinaren fruituak partekatu egiten diren?

Lurraldetasuna, euskara, herria eta ikastola. Hitz giltzarriak etorkizuna irudikatzeko. Etorkizunaren zorua marrazteko. Oinarriak zeintzuk diren ez ahanzteko. Eta horien gainean eraikitzen jarraitzeko. Amets egiten jarraitzeko, Salbatore Mitxelena ikastetxearen aurrean Ni, Hi eta Hura mamorroek irudikatu bezala.