Síguenos en redes sociales:

Ardurak

Ardurak

Giza jokaerak ulertzeak gero eta lan handiagoak ematen ditu, baiki. Tolosako ikastetxe batean bi ikasgaitan -Historia eta Euskara- maila handiegia eskatzen dutela eta, zenbait ikasleren suminak eta protesta-moduek neurri eta logika guztiak gainditu dituzte. Eskolako aulki eta mahaiak patiora atera eta prentsaurreko bat ematea izan zen lehenbizikoa, ikastetxearen araudiari jaramonik egin gabe. “Ximaur eguna” eta “zarata eguna” antolatu zituzten gero, ikastetxe barnean gorozkiak sakabanatu eta zuziak lehertaraziz, han zeuden ikasle gazteagoen izuaz eta segurtasunaz ezeren axolarik izan gabe. Eta azkenik, euren aferari dimentsio handiagoa eman eta “eskualdeko greba” eta “baterajotze nazionala” deitu dituzte. Norbere arazoak munduaren erdigune direla uste izatea ez da berria, baina hain funts ahuleko desadostasun bat “arazo nazional” bilakatu nahi izatea nazio hitza bera esanahiz hustu eta arazo askoz larriagoak hutsaltzeko bide bat besterik ez da. Gazteak dira, bai, baina ardura eta sen ona ez dira adin kontu soila.

Hondarribiko Amuteko paduran afrikar sugegorri pozoitsu bat ikusi zuela jakinarazi dio asteon emakume batek Ertzain-tzari. Sugegorri motarik handi eta arriskutsuena omen. Ateratako argazkia froga. Dozenaka lagun mugiarazi dituzte, bideak itxi, paseatzaileen artean izua eta ezinegona eragin? Ez da sugegorrik agertu eta, ikertzaileen pixka bat estutu dutenean, bi lagunen arteko txantxa bat izan dela aitortu du emaztekiak. Ez da nerabea, urtez bederen. Txolinkeriak ez du adinik. Orain komediak.

Kantabrian ehunka hektarea kixkali dituzte nahita eragindako suteek. Itzalketa lanetan buru-belarri aritu den gazte bat atxilotu dute, susmagarri. Suhiltzaile piromanoaren parabola. Gaztea, ustez hondamendi naturalen arriskuaz jabetzeko lain zen-tzu bazuena, baina bera izaki hondamendi-sortzaile. Hiru kasu, arras desberdinak, lotu ezin direnak, baina gai bat eta berari buruzko gogoetarako bide ematen dutenak: ekintzak, ondorioak eta ardurak.