Denok egon gara, ia bi astez, zulo batean eroritako haur koitaduaren menturan. Informazio horren bila berariaz joan ez direnek ere badakite zer diametro eta luzera zuen legez kanpo egindako zuloak, zer nolako jendetza mugitu duten erreskatean, zenbaterainoko baliabide teknikoak erabili dituzten, nolako zuloa eraiki duten haurra irentsi zuenaren ondoan, nondik joan den meatzari-brigada, nola amaitu den afera. Nazioarteko zenbait komunikabideren arreta piztu duen gertaera honek ez du lerro bat bera merezi izan euskarazko egunkari nazional bakarrean. Beste zenbait hedabidek, ostera, marra gorri guztiak gainditu dituzte. Neurria ez da erraza, inolaz ere.

Andaluziako Kazetarien Kolegioak idatzi baten bidez salatu du hedabide batzuen trataera. “Kazetaritza gidatu behar duten prin-tzipio etiko eta deontologikoetatik aldendu dira. (.) Zenbait enpresa mediatikoren noraeza deitoratzen dugu, beharrezko ez ziren irudiak erakutsi eta kontakizunak egitera eraman dituena, informazioari ezer eransten ez ziotenak, morboa sustatu eta espekulazioari aukerak emateaz harago”. Hori guztia ez ezik, oso egokia iruditu zait hor lanean ari izan diren profesionalei buruzko aipamena: “Aldi berean, gure babesa adierazten diegu beren printzipioen aurkako lana egiten ari diren kazetari eta komunikatzaileei, lanpostua ez galtzeko helburu bakarrarekin.” Izan ere, asko dira lanpostua etengabe dilindan izaten duten komunikatzaileak, goitik morbo eske ematen dizkieten aginduei men egitea beste erremediorik izaten ez dutenak. Gogoetarako bide ematen du, halaber, RTVEko Ana Ruiz Etxauri kazetariak egin duen txioak: “Ikuskizun-kazetaritza deitzen diote, beraz ez da kazetaritza. Baina pixkanaka inokulatzen digute, eta funtzionatu egiten die. Sen ona da muga.”

Sen onaren mugak askotan gainditzen ditu ikuskizun-kazetaritzak, gustu onarenak bezala. Andaluziako Kazetarien Kolegioak ongi esan bezala, arazoa ez datza mikroa edo axota eskuan duten berri-emaileengan, haiei ikuskizunaren eta morboaren zama saihetsezina gainean jartzen dieten nagusi eskrupulurik gabeengan baizik. Eta ez dago horiek zulotik erreskatatuko dituenik.