Sareak
pilotalekuetan apustuak %90 jaitsi dira. Dirurik mugitzen ez den tokian, zaleek kirola pasioz bizi arren, giroa sanoagoa izaten da. Diru asko jokatzen zuten apustulariek pilota-enpresei mozkin handiak uzten zizkieten eta, horren ondorioz, ahal berezia izaten zuten, konbinazioak baldintzatu edo pilotariren baten “oporraldia” behartzerainokoa. Halere, alde nabarmena izaten zen espezialitate batetik bestera. Eskuko apustulariak ez ziren, esate baterako, erremontekoak bezain borti-tzak izaten. Zehatzago esanda, apustulari berberek jokabide zakarragoa izaten zuten erremonteko pilotalekuetan eskukoetan baino. Arrazoia nagusi bat zegokeen: kantxa eta harmailak bereizten dituen sare metalikoa. Gauza berbera gertatzen da auto gidariekin. Aurrez aurre sekula inor iraindu ez duen jendeak sekulakoak eta bi esaten dizkio semaforoa berde jarri ondoren berehala abiatzen ez denari. Kateko zakurra txabola ondoko eremuan bezala, auto barnean gotortzen eta gogortzen gara.
Alemaniako Berdeak puri-purian dira, eta haien bi liderretako bat, Robert Habeck, denen ahotan. Karisma handiko gizona da, herritarren artean ondoen baloratutako politikarietako bat. Sare sozialak baliatu izan ditu orain arte, baina urte berriarekin bat planto egitea erabaki du. “Twitter-ek erasokorrago bihur-tzen nau, garratzago, polemikoago, zakarrago. Eta dena abiadura bizian, gogoetarako denborarik gabe”. Twitter ez ezik, Facebook ere uztea erabaki du. Europako herrialderik aurreratueneko politikari bat, alderdi aurrerakoi bateko liderra, sare sozialez kanpo. Estimagarria da Habeck-ek bere buruaz egin duen kritika, baina zenbait sareren nolakotasunak bistaratzea besterik ez du egin. Sare batzuek beste sare metaliko bat jartzen dute, kantxa eta harmailak bereizten dituenaren antzekoa, nahi duenari edozein ezizen txatxurekin zernahi esateko aukera ematen diona, eta hor oldarrak hartzen du indarra, giza-aurpegirik itsusiena azaleratzen da. Gehienok kateko zakur bihurtzen gaitu.