Bakea da bidea, bakea bidea da
kataluniako korapilo trabatuan, ez da erraza matazaren hasierako muturra aurkitzea, eta, bukaerakoari begirik kendu gabe segitu nahian, zorabiatu egin gara. Pedro Sanchez oposizio-buruak konplexurik gabe babestu zuen 155. artikulua ezartzea. Sanchez presidenteak orduan kriminalizatu zituenen sustengua behar du. Gobernu erkin baten gidaritzapean, alanbre mehe eta desegonkor baten gainean dabil dantzan, ertz guztietatik ufaka dituelarik. Andaluzia galdurik, aurrekontuak dilindan eta hauteskunde berrien data kalkulu elektoralen baitan.
Giro horretan elkartu ziren Sanchez eta Torra iragan astean. “Elkarrizketa eraginkorra” lantzera konprometitu ziren, Katalunian babes zabala izango duen proposamen politiko bat bilatzeko beharra nabarmendu zuten bi gobernuek. “Erantzun demokratikoaz” mintzo da adostutako testua.
Kalean eta errepideetan presiobideak areagotu dituzte CDR-ek -Errepublikaren Defentsarako Komiteek-, eta hedabide eta sare sozialetan mila eratako interpretazio eta ikuspuntuak bistaratu dira. Baita estatuko indarren joko zikina ere. Santomas egunez zabaldu ziren kataluniar intependentisten elkarretaratze bateko irudiak. Bat-batean, kaputxadun batzuk edukion-tziak etzan eta gurutzatzen hasi ziren. Jendetzak aurre egin zien, eta “fora! fora!” oihuka handik alde egitera behartu. Infiltratuak ziren, Kataluniako mugimendu independentista indarkeriarekin lohitu nahi dutenen lekaioak. Eta, kurioski, hangoen bozgorailu eta birtxiotzaile porrokatu diren hemengo hainbat independentistak ez zion oihartzunik eman bideo horri.
Kataluniako prozesu independentistari, hainbesteko hanka-zulo estrategikoak egin dituen horri, indarkeria orori uko egin izanak eman dio prestigioa eta sinesgarritasuna. Euskal Herrian bortxaren basak kendu dizkio luzaz bi dohain horiek. Eta ba-tzuk ez dira eroso sentitzen borroka-molde batzuen bidegabekeriak azaleratzen direnean, senide katalanek bortxa hain sutsuki baztertzen dutenean. Bakea da bidea, bakea bidea da.