Síguenos en redes sociales:

Gerrirainoko uretan

Gerrirainoko uretan

Zenbait astez elkar ulertzea posible zela pentsarazi digute euskal abertzaletasunaren bi espirituek. Hegemonia-gosea baino haragoko arrazoiak daude bien arteko arrakalan: gizarte eredua, ikuspegi sozio-ekonomikoa, kultura politikoa, erakundeen kudeaketa-moldeak eta, batez ere, helburuak lortzeko historikoki hautatu izan dituzten bideak.

Aurrekontuak zeuden jokoan. Aurrekontuak besterik ez, eta aurrekontuak alajaina. Ezker abertzaleak osoko zuzenketen bidea besterik ez du urratu izan orain artean. Oraingo honetan bestelako urratsa egin du, gerrirainoko uretan sartu da. Bi abstentzio eskaintzen zituen, ez aldeko botorik. Aldeko botoak euren arteko zenbait jenderen aurrean justifikatzeko zailtasunak lekarzkieke, inondik ere. Justu-justuko huraxe besterik eskaini ez arren, hondar horrek deabruaren aurrekontuak onartzeko balio izango, ordea, eta horrek ere salmenta zaila izan.

Hitchcock-en gidoi bat ziruditen iragan asteazkeneko azken orduek. Hedabideei begirik eta belarririk kendu gabe eduki gintuzten gauerdian ezkila-hotsa entzun genuen arte. Kitto. Erakundeekiko beti hain uzkur eta mesfidati agertu izan denak ez du aurrerago jo. Eta jeltzaleek, kolore guztietako aurkariekin akordioak lortzeko beste inork ez bezalako gaitasuna aski frogatua dutenek, ez dute lortu haiek gerriz gorako uretan sartzerik.

Giroan arnasten zen urtebeteko aurrekontuak baino gehiago zegoela jokoan. Ez dago akordiorik ez izatearekin zein poztu eta zein atsekabetu den ikusi besterik. Porrot sentsazioa sumatu dut abertzaletasunaren bi hegietan. Baina historikoki bien artean izan den leizea kontuan izanik, hori egun batetik bestera alda litekeela uste izatea errealitatez kanpo egotea da. Ibaira elkarrekin jaitsi izana ere bada zerbait.