Gizarte kirastuna
Beldurraren botoa izan daiteke, hein batean, Andaluziako eta Espainiako taula politikoan eskuin-muturra indarrez sarrarazi duena. Faktore bat baino gehiago izaten dira, dena den, gizarteen soziologian horrelako aldaketa zantzuak bistaratzen hasten direnean: ohiko alderdiekiko asperdura eta etsia, edo egitura zurrun eta aldagaitzetatik urrundu nahia, esate baterako. Eta baita eskuin-muturrak nazioartean oso bereak dituen bestelako ezaugarriak ere: etorkinekiko mespretxua, arrazakeria, federalismo eta autonomismoaren aurkako jarrerak, Europako Batasunarekiko ezinikusia? Guri askatasunaren murriztaile iruditzen zaizkigun jarrerak hitz berberarekin lotzen dituzte eurek. Horren erakusgarri da iazko urtarrilean Europako eskuin-muturrak Alemaniako Koblentza hirian egin zuen goi-bilerari jarri zioten izena: Askatasuna Europarentzat. Hara bildu ziren, besteak beste, Marine Le Pen frantziarra, Frauke Petry alemana, Geert Wilders herberetarra eta Santiago Abascal euskal herritarra. Europako lider gorenen bedeinkapena jasorik, Amurrioko zinegotzi ohia Espainia goitik behera aldatzera menturatu zen.
Vox fenomenoak ez du hain lur emankorrik aurkituko hemen. Halere, Andaluziakoak laineza pixka bat eman die hemengo lau katuei. Asteon sortu dute Twitter-en @VoxIrun kontua. Sei puntutan finkatu dituzte lehentasunak, eta erdiek xenofobia arrastoak dituzte. Hirugarrenean hau diote: “Los iruneses como españoles primero en las ayudas y en la sanidad.” Bosgarrenak zuzen-zuzenean aipatzen ditu migranteak: “no caben más inmigrantes en barrios como San Miguel o Lapice.” Eta seigarrena gorroto-delitutzat jotzeko modukoa da: “destruir la mezquita de Urdanibia.”
Ezinikusia beldurraren kumea eta ezjakintasunaren senidea da. Eta hemen ere badu sustrairik. Egunotan jakin dut urte batzuk martxan zeramatzan neguko aterpetxe bat, aterperik gabeko jendeari babes ematen ziona, aurten ez dutela ireki. Azpiegitura badago, dirua ere bai. Baina herritarren kexa asko izan omen da. Elizara joaten direnei eragozpenak sortzen bide dizkiete eskaleek, etxegabeeek segurtasun-gabezia eragiten inguruan, ordu asko pasatzen gune publikoetan, usain txarra uzten liburutegian. Nori ote dario kirats handiagoa?