Síguenos en redes sociales:

Rol deserosoak

Rol deserosoak

Bi hitzen esanahia begiratu dut Harluxet hiztegi entziklopedikoan. Inpartzial: denekin berdin jokatzen duena, alderdi jakin baten alde egiten ez duena. Inpartzialtasun: inpartziala denaren nolakotasuna. Lekutan dago gurea. Zurea, nirea, gizakiarena oro har. Nolakotasun berezko horri aurre egiteak gai-tzeko ahalegina eskatzen du, eta gehien saiatzen dena ere ez da hurbiltzen. Dena geure iritzi, egoera edo interesen arabera epaitzen dugu. Gabriel Rufianek herrien erabakitzeko eskubidea defendatzen du, botere-banaketarik eza salatzen, Espainiako zenbait alderdik frankismoarekin duten atxikimendu sentimentala eta hurbiltasun ideologikoa bistaratzen, auzo-herriko monarkiaren miseriak azaleratzen. Eta horretarako erabiltzen dituen demagogia, hizkera eta keinu guztiak barkatzen dizkiote batzuek, baita txalotu ere. Jarrera horri harro, doilor eta zeken iritziko liokete, eta moldeak kupidarik gabe salatuko, haren erasoen jomugan baleude. Edo, besterik gabe, eurenez bestelako iritziak emango balitu. Ni ere harrapatu ninduen bolada batean. Orain, aldiz, ahalegindu egin behar izaten dut Rufianen oilarkeriak berez gertu samarreko dudan pentsaketarik urrun ez nazan.

Donostiako Amara Berri-Urbieta eskolan pankarta berezi bat eskegita egon da denboraldi batean. Berezia estetikaz, koloretsua, jostaria eta landua baitzen, eta bitxia mezuari eta seinala-tzen zituenei dagokienez: “eskola haurrentzat, ez sindikatuentzat!”. Aspaldiko urteetan Eusko Jaurlaritzaren Funtzio Publikoko sindikatuak -Hezkuntzarekin inolako zerikusirik ez dutenak- daude hango lokal eder batean, eta ez dute beste inora mugitu nahi izan, nahiz eta Urbietako eskola-komunitateak askotan adierazi beraientzat funtsezkoa dela lokal hori hezkun-tza-erabilerarako doitzea. Aste honetan jakin dugunez, sindikatuek Intxaurrondo auzoko lokal batzuetara lekualdatzea onartu dute, baina pankarta berehala kentzeko eskatu diote ikastetxeari. Beti pankartagile rolean ikusi ditugunak ez dira eroso sentitu batek jomugan jarri dituenean. Enpatia-ariketa gisa balioko die menturaz.