Deiturak eta begitartea
9.500 polizia baino gehiago ditu Los Angelesek. Michel Moore da denen buru, aurtengo ekainean izendatua. 21 urterekin hasi zen, patruilari. Geroztik, agente, ikertzaile, sarjentu eta teniente izan da. Orain bere ardurapean da munduko hiririk handienetako baten polizia. Halere, Moore ez du jatorrizko deitura, Santxotena baizik. Jean Batist Santxotena zuen aita, Urepeleko Larrutegia etxean sortua. Gazterik jo zuen AEBetara. Bertako emazteki batekin ezkondu eta hiru seme-alaba izan zituzten, baina gurasoak bereizi egin ziren eta, urte batzuen buruan, ama Moore deitura zuen gizon batekin esposatu zen. Arkansasen hazi zen Michel, AEBetako estaturik itxienetako batean. Aitaordeak, seme-alaben hobe beharrez edo, emazteari esan zion hobe izango zela haurrei bere abizena jartzea, Santxotena mexikar jatorriko jendearekin lotzen bide baitzuten, eta Arkansasen hori zama izaki.
Michelen arrebak sustraiak berreskuratu ditu eta euskal nortasunaz harro ageri da. Anaiak aitaren deitura berreskuratu du eta Los Bañosko euskal etxean orduak eta orduak pasatzen ditu. Eta poliziaburu ahaltsuak publikoki aitortu du jatorrizko deitura Santxotena duela. Urepeleko Larrutegiko Jean Batisten seme-alabek atzean utzi zituzten Arkansas eta arkansastarrak, beren xenofobia eta konplexu guztiekin.
Argentinan euskal jatorriko 4 milioi pertsona bizi direla diote - EHan baino gehiago-, baina denek ez dituzte euskal sustraiak. Ez omen dira gutxi euskal abizena jarri dutenak?ematen duen prestigioagatik.
Arkansasen arazo dena Argentinan abantaila da. Mexikar izatea, ostera, bietan oztopo. Mexikar gutxi da Argentinan, ez dute harako joerarik, baina bestela perutar edo boliviarrek jasaten duten bazterkeria bera pairatu beharko lukete. Gurean, berriz, Santxotena abizenak ez luke inor bazter utziko, baina mexikar begitarteak bai.