Síguenos en redes sociales:

Lentzeria

Lentzeria

badira ardagaia baino lehorragoko zerbitzari eta saltzaileak, sekula egun onik eman edo irribarrerik egiten ez dutenak. Bestalde, ezagutzen dut ongi etorri, eskerrik asko eta bidaia ona izan esaten duen makinaren bat ere, irribarre egiten duenik ez.

Mundu robotizatu baterantz omen goaz. Bosturteko gutxi barru makinek egingo omen dituzte gaur egun pertsonen ardurapean dauden hainbat zeregin. Ari dira telebistako albistegiak aurkezle birtualek emango dituztela esaten ere. Hurrengo pausoa pilota emankizunak esatari birtualek egitea izango da. Eta ondorengoa robotei pilotan jokatzeko programak instalatzea. Hasieran hezur-haragizkoek estutuko dituzte, baita irabazi ere agian, Kasparovek IBM etxearen Deep Blue ordenagailuari bezala, baina berehala gaindituko lituzkete. Makinak emango liokeen abiadurak pilotaririk indartsuenaren eskumuturrari egingo lioke klaxk.

Makinen arteko pilota partidak irudikatzen hasita, botileroen aulkiak hutsik ikusten ditut. Harmailak ere bai. Hezur-haragizko pilotariei ere kendu dizkiete botileroak. Harmailetan, zorionez, oraindik zale dezente izaten da, egun askotan behintzat. Baina robotizazioa pilotara ere heldu da. Sarrerak erosteko internet bidezko sistema jarri dute. Enpresetako arduradun baten esanetan, aurrerantzean ez da lehentasunezko ikuslerik izango. Hori zorrotz beteko balute, pilotalekuetan 60 urte baino gehiago darama-tzan Patziku Apezetxea goizuetar pilotazale zaharrak ohiko eserlekua galduko luke eta, internetez erosten asmatuko balu ere, noizbehinkako edozein zaleren eskubide berberak izango lituzke. Onenean, ordenagailuak eskerrik asko esango lioke.

Aurrean dugunari ez diogu begietara begiratzen eta langileei burofax bidez jakinarazten zaie enpresaz kanpo geratu direla. Tratuan lentzeria galdu dugu.